Euskal prentsaren historian nabarmenduko den eguna izango da biharkoa: 2003ko ekainaren 21a. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera, Berria, kalean izango da.
Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango du egoitza nagusia eguneroko berriak, eta ordezkaritzak izango ditu Iruñean, Gasteizen, Barakaldon eta Baionan. 140 langile izango ditu guztira, horien artean 70 kazetari. Martxelo Otamendi da zuzendaria, eta Joxean Lizarribar Administrazio Kontseiluko lehendakaria.
50.000 ale botako dira lehenengo egunea, Euskal Herri osoan banatzeko. Berria egunkariak ez du errotatiba propioa izango, eta Huarten (Nafarroa) inprimatuko da, Diario de Noticias egunkaria argitaratzen duen ennpresaren errotatiban.
Astean sei egunez argitaratuko da egunkari berria, asteartetik igandera. 92 orrialderekin abiatuko da bihar: 60 orrialde hartuko dituzte sail informatiboek, eta beste 32 orrialde Berriari buruzko gehigarri bereziak.
Datorren asteartetik aurrera, Hitzalean gehigarria eskainiko da egunero: 16 orrialdetan, uda sasoiarekin lotutako elkarrizketa, erreportaia eta albisteak jorratuko ditu, eta hainbat sail berezi ere tartekatuko ditu, hala nola mendia, musika, bidaiak, ikuskariak, liburuak, aisia, osasuna, sexua, moda, ingurumena, etxea, motorra, Internet eta gastronomiari buruzkoa.Gainera, hurrengo astetik aurrera, larunbatero Mantangorri umeentzako eskainiko du.
Berria egunkariak iritziemaile ugari izango ditu. Antton Olariagaren Zakilixut egunero agertuko da azken orrian, eta Martintxo eta Montxo marrazkilarien lanak ere egunero ikusgai izango dira, Iritzi sailean. halaber, aurreneko egunetik, Interneteko edizio jarraituaizango du www.berria.info helbidean. Ingelesezko edizio elektronikoa ere izango du.
Hala, gaur gaueko 21:00etan Berria egunkariaren aurkezpen ekitaldia egingo da Andoiango Martin Ugalde Kultur Parkean, eta hirurehun gonbidatu inguru espero dira, politika, kultura, hedabide eta gizarteko ordezkarien artean. Aurrez, Donostiako jatetxe batean, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galizako hainbat komunikabidetako zuzendariak bildu dira Martxelo Otamendirekin Berria egunkariari buruzko informazioa izateko.
Berria-ren aurkezpena
50.000 ale jarriko ditu Berria-k Euskal Herri osoko kioskoetan
Bihar goizetik aurrera Berria egunkaria kioskoan izango da, euskarazko nazio mailako laugarrena, Eguna, Egunkaria eta Eguneroren ondotik. Espainiako Auzitegi Naizonalaren aginduz Guardia Zibilak Egunkaria itxi eta lau hilabeteraikusiko du argia Berriak. Independentzia eta pluraltasuna izango ditu oinarri. 92 orrialdekoa izango da lehenengo zenbakia, eta 50.000 ale banatuko dira Euskal Herri osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu