Gasteizen Guiness errekorra eskuratzeko asmoz egin zuten patata tortillaren soka gero eta luzeagoa da. Aurrena izan zen errekorra gainditzeko asmoz egin, eta helburua bete ez izana. Orain, ezagutarazi dute Gasteizko Udalak jakin bazekiela ez zela errekorra gaindituko, eta hala ere asmoarekin aurrera jarraitzea erabaki zuela.
4.000 kiloko patata tortillatzarra egitea otu zitzaion PPk zuzendutako udal gobernuari. 2014ko abuztuaren 2an egin zuten, baina bi hilabete lehenago, Espainiako Gastronomia Hiriburutzako zuzendariak udalari mezu batean jakinarazi zion Arabako hiriburukoak ez zuela errekorra lortuko, tortilla handienaren errekorra Japonian zutela, 11.036 kiloko tortilla eginda.
Mezu horrek egiaztatu du Gasteizko Udala jakinaren gainean zegoela, eta, beraz, Espainiako Gastronomia Hiriburutzak bere lana zuzen egin zuela. Hala adierazi du Borja Belandia alkateorde eta Ogasun zinegotziak. Hori horrela, udalak ordaindu egin ditu tortilla egitearen kostuak; 50.000 euro.