2012ko urtarrilaren 27an gertatu zen. Lau lagun grafitiak egitera joan ziren Tolosako tren geltokira (Gipuzkoa). Geltokian zegoen Aldirietako tren bateko azken bi bagoietan eta makinan egin zituzten pintaketak. Gaur Efe albiste agentziak jakinarazi duen epaiaren arabera, epaitu dituzten bi lagunetako batek eta identifikatu ezin izan dituzten beste bik egin zituzten grafitiak. Epaitu duten beste lagunak zaintza lanak egin zituen, eta argazkiak atera.
Epaitu dituzten bi lagunek onartu egin dute leporatutakoa, eta ados agertu dira zigorrarekin. Kalte delitu baten errudun jo dituzte, baina gertatutakoa aitortzeagatik zigorra arindu diete. Ondorioz, 900 euroko isun bana ordaindu beharko dute bi epaituek, eta, horrez gain, Renferi 3.721 euroko kalte-ordaina eman beharko diote, horri dagozkzion "legezko interesak gehituta".