%55,31ko babesarekin gailendu da, behin betiko datuen arabera

2012ko abenduaren 5a
19:22
Entzun

Azkenean, aldeko botoen %55,31rekin irabazi ditu Iñaki Goirizelaiak EHUko hauteskundeak. Atzo gauean behin-behineko emaitzak baino ez zituzten eman, boto elektronikoa zenbatzeko arazoak tarteko. Behin betiko datuen arabera, berriz, 2.795 lagunek eman zioten botoa hautagai bakarrari, eta 2.447k bozkatu zuten zuri —beste 194k baliogabe—.

Parte hartzea %10,52koa izan zen, duela lau urteko %20a baino nabarmen baxuagoa; kolektibo guztietan jaitsi zen, ikasleen artean batik bat: %14,11tik %3,57ra. Halere, irakasle doktore iraunkorren %74k eta AZP Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalekoen %71k parte hartu zuten hauteskundeetan.

Pozik agertu da Goirizelaia emaitzokin. Errektoregai bakarra izaki, botoen herena eskuratzearekin nahikoa zuen, baina indartuta atera nahi zuen hauteskunde prozesutik. Boto ponderatuaren %55,31 eskuratuta, duela lau urte Marisol Estebanen aurka lortutako emaitza globalak hobetu ditu, orduan botoen %52,25 jaso baitzituen.

Irakasleen aldetik babes handia jaso duela azpimarratu du. Doktore iraunkorren artean, hau da, boto ponderatuan %56 daukatenen artean, 941ek egin dute bere alde, eta 664k zuri; doktore ez iraunkorren artean estuago ibili da (117k alde, 120 zuri), baina gainerako irakasle eta ikertzaileen sostengua zabala izan da: 412 alde eta 182 zuri. Ikasleak ere alde izan ditu: Goirizelaia babestu dute 884k eta 601ek zuri bozkatu.

AZPkoetatik jaso du kolpe handiena. Errektorea sostengatu dutenen bikoitzak egin du bere aurka: 880 boto zuri jaso ditu, eta 441 alde. Espainiako Gobernuak funtzionarioei egindako murrizketei egotzi die Goirizelaiak datua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.