Irailean egin zuten bileran adostu zuten neurria Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak eta Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak. Vocento taldeko egunkariek PPren gobernuko iturriak eta iturri judizialak aipatuta argitaratu dutenez, Europako Batasunak 2008an araudian eginiko aldaketa batek ahalbidetu du Frantziako estatuan dauden euskal presoak Espainiako estatuko espetxeetara lekualdatu ahal izatea.
EBko arau horretara egokitu dute euren legeria EBko estatuek, eta Espainiako Senatuan azken izapideak gainditzea falta da Espainiako legeria ere EBren araura moldatzeko. Urte amaierarako egon liteke prest. 56 presorengan izango luke eragina; zigor irmoak izan, eta Frantziako estatuan epaitu gabeko kausarik ez dutenengan, alegia. Horietako batzuk dira Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideak eta Ibon Fernandez Iradi gaixo dagoen presoa. Guztira 97 euskal preso daude Frantziako estatuko espetxeetan.