AstraZenecako dosiak 60 urtetik beherakoei emateari utziko diote Berlinen, txertoaren albo kalteei buruzko ikerketan datu berriak daudela argudiatuta. Horrelaxe azaldu du Dilek Kalayci Alemaniako hiriburuko Osasun agintaritzako arduradunak. Izan ere, Paul-Ehrlich institutuak jakinarazi berri du AstraZenecarekin txertatutako 31 lagunek tronbosiak pairatu dituztela, eta horietako bederatzik bizia galdu dutela. Gaitza pairatu duten gehiengoa 20 eta 63 urte arteko emakumeak direla azaldu du. Txertaketa bertan behera uzteko lehen pausoak hiriburuko bi ospitalek eman dituzte, eta behin betiko emaitzak izan artean "tentuz" jokatu nahi dutela adierazi.
Berlingo Charité ospitalea eta Vivantes klinikak izan dira txertaketa bertan behera uzten lehenak. Bi erakunde horien erabakiak oihartzun handia izan du; haiek adierazitakoaren arabera, ospitaleko 19.000 langileetatik %70a txerto horrekin txertatu baitituzte, eta Vivantesen kasuan "milaka" izan dira horrekin txertatutako langileak.
Botika etxearen txertoak herrialdean jasaten duen bigarren geldialdia da gaur iragarri dutena, martxo erdialdean ere geldiarazi baitzuten, tronbosiekin harremana zuelakoan. RKI Alemaniako Robert Koch birologia institutuaren arabera, jada 2,7 milioi lagunek hartu dute txertoa.