Bake prozesua indartzeko Lokarrik antolatutako foro sozialean 600 lagunek parte hartuko dute, gaur erakunde horrek jakinarazi duenez. Bete egin dira tokiak, baina foroa zuzenean jarraitzeko aukera izango da BERRIA.INFOn, ekimeneko webgunearen zuzeneko emankizunari esker.
"Herritarren erantzunaren arrakasta hau, foroan jorratuko diren gaiei buruz jasotako 400 ekarpenekin baino gehiagorekin batera (desarmea, preso eta iheslarien itzultzea, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre nola egin), gizartearen alde handi batek inplikatu eta parte hartzeko prest egoten jarraitzen duelako isla da, bakerako aukera historiko hau aprobetxatzeko erronkan", adierazi dute antolatzaileek.
Nabarmendu dute "goi mailako adituak" eta nazioartekoak izango direla foroan. "Batzuek zuzeneko esperientzia izan dute bake prozesuetan, hala nola Irlandan, Hego Afrikan, Aljerian, Bosnian, Kolonbian, Burundin eta Sri Lankan. Horren adibide ditugu Aaro Suonio, Ipar Irlandako Desarmearen Batzordeko kabineteburua eta Robert McBried, Afrikako Kongresu Nazionaleko adar armatuko komandanteordea. Beste batzuek, aldiz, beren ezagutzarekin lagundu dute bake prozesuetan, esaterako, Priscilla Haynerrek, Justizia Trantsizionalerako Nazioarteko Zentroko (ICTJ) sortzaileetako batek, eta Brandon Hamberrek, INCOREko zuzendariak".
Gainera, herritarren parte hartzearen garrantziaz ohartarazi dute: "Jendartea giltzarria izan da aparteko une honetara iristeko bere konpromisoari eta behin eta berriz ekiteari esker. Orain, bake prozesua desblokeatzea beharrezkoa denean beste bultzada bat emanez, inongo dudarik gabe jendartea eragile erabakigarria da prozesuak aurrera egin dezan".
Bihar-etzitan egingo dute foroa, Iruñean eta Bilbon.