Ezker abertzalea instituzioetatik kanporatzeko asmoz PPk eta PSOEk Espainiako Alderdien Legea sortu zutenetik sei hauteskunde prozesu izan dira Euskal Herrian. Lege hori eskuan auzitegiek Batasuna legez kanpo utzi zutenetik, Batasunak ezin izan du Hego Euskal Herriko hauteskundeetara aurkeztu. 2002ko ekainean jarri zuten indarrean legea, eta2003ko martxoan legez kanpo utzi zuten Batasuna. Hain justu, udal eta foru hauteskundeen atarian.
Euskal gizarteko sektore bat instituzioetan ordezkaririk gabe ez gelditzeko, hainbat ekimen sortu izan dira hauteskunde prozesuetan. 600dik gora izan dira bozetara aurkeztu diren hautesle zerrendak, eta gehienak atzera bota ditu Espainiak. Beti prozedura berbera jarraitu dute, Espainiako Estatuaren Abokatuak edo Fiskaltzak zerrendak inpugnatu ditu, eta Auzitegi Gorenak zerrenda horiek baliogabetu ditu, ia beti.
Aurtengo legebiltzarretako bozetan antzeko zerbait gerta daiteke. Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkartea sortu da. Hautesleen sinadurak behar dituzte, eta haiek batzen ari dira herriz herri. Espainiako Gobernuko ahotsek hautagaitzaren kontrako adierazpenak egin dituzten arren, oraindik, ikuskizun dago zer gertatuko den.
Eta bien bitartean, Ipar Euskal Herrian Batasuna legezkoa da, eta izen horrekin aurkez daiteke hauteskundeetara.
2003 AuB eta herrietako plataformak
2003an izan ziren ilegalizazioen soka hasi osteko aurreneko hauteskundeak. Udal eta foru hauteskundeak izan ziren. Autodeterminaziorako Bilgunea (AuB) zein 241 herri plataforma sortu eta horretarako sinadura bilketak martxan jarri zituzten. Beharrezko sinadurak batu arren Espainiako Auzitegiek zerrenda guztiak legez kanpo utzi zituzten, eta ezker abertzalearen presentziarik gabeko erakundeak sortu ziren, aurrenekoz. AuBren zerrendak 140.000 boto inguru lortu zituen, nahiz eta guztiak baliogabetzat jo ziren.
2004 Bergarako Ekimena
2004an izan ziren hurrengo hauteskundeak. Espainiako Hauteskunde orokorrak izan ziren, eta martxoaren 11n Al Kaedarekin lotutako talde batek Madrilen egindako atentatu handiek erabat markatu zituzten. Ez zuen zerrenda zehatzik aurkeztu ezker abertzaleak. Bergarako Ekimena sortu zuten, eta hauteskundeetara alderdi abertzale guztiak elkar hartuta aurkeztea proposatu zuten. ETAk babesa eman zion ekimen horri, baina alderdiek ez zuten proposamena onartu.
Hauteskunde egunean kutxetara autodeterminazioaren aldeko botopaperak sartzeko deialdia egin zuen Bergarako Ekimenak. Kanpaina gogorra izan zen, Ertzaintzaren presentziagatik. Mitinetan mikrofonoak kentzen aritu ziren, esate baterako, ertzainak. 120.000 boto jaso zituzten, ezker abertzaleak berak emandako datuen arabera.
2004 Herritarren Zerrenda
Urte berean Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ziren. Herritarren Zerrenda (HZ) sortu zen orduan. Espainiako Auzitegiek Hego Euskal Herriko zerrenda baliogabetu egin zuten, «Alderdien Legeari iruzur eginez», Batasuna de facto ordezkatu nahi zuela iritzita. Nolanahi ere, zerrenda osatzen zutenek, Batasuneko, EHko eta HBko kide izandakoek barne, bozetara aurkezteko eskubidea bazutela esan zuten Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak.
Egoera arraroa sortu zuen erabakiak Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian HZren aldeko botopapera legezkoa zelako, eta Hego Euskal Herrian ez. Honako deia egin zuen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozeramaileak: «Ez dut HZren aldeko botorik eskatuko, Espainiako komunikabideek HZ Batasunarekin zuzenean lotzeko erabiliko luketelako. Baina HZren alde bozkatzera animatzen ditut herritar guztiak, duintasunagatik». 110.000 boto inguru jaso zituen zerrendak Euskal Herri osoan.
2005 Aukera Guztiak, EHAK eta Batasuna
2005eko apirilean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan euskal herritar gehienek ezagutzen ez zuten alderdi batek izugarrizko indarra hartu zuen: Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK). Hauteskundeetara aurkeztu zen, eta ezustekoa eman zuen.
Batasunak zerrendak aurkeztu zituen boz horietan, horretarako eskubidea zuela iritzita eta ezkutatzeko inolako asmorik gabe. Legez kanpoko alderdia izanik, hauteskunde batzordeak ez zituen zerrendak onartu. Kanpaina gogorra izan zen, Ertzaintza ekitaldi guztiak galarazten saiatu baitzen.
Legez kanporatzeekin amaitu behar zela iritzita, Aukera Guztiak izeneko zerrenda ere aurkeztu zen urte hartan. Herritar guzti-guztiek «boto kutxetan beren hautua egiteko aukera izateko» helburuz sortu zen ekimena, kulturgintza eta euskalgintzako zenbait herritar ezagunek bultzatuta. Bozetara aurkezteko behar zituenaren aldean sinadura asko lortu zituen hautesle elkarteak. Espainiako Auzitegiek baliogabetu egin zuten, ordea, zerrenda hori ere.
Hauteskunde kanpaina hasita zegoenean, EHAK-ko hautagaitzak bere egin zituen Aukera Guztiaken asmoak. «Demokraziak lehentasuna» duela argudiatuta, beren programa alboratzea erabaki zuten.
Esan bezala, Batasunak bere kanpaina egin zuen. Lehen astebetean aritu zen Batasunaren aldeko botoa eskatzen, baina, kanpaina erdira iritsi zeneanEHAKrentzako botoa eskatu zuen Mahai Nazionalak, «bakerako aukera bakarra» zela azalduz. 150.000 boto inguru lortu zituen EHAKren zerrendak, eta bederatzi legebiltzarkide.
2007 ASB, AS eta EAE-ANV
2007ko udal eta foru hauteskundeetan alderdi berria sortzeko apustua egin zuen ezker abertzaleak. Elkarrizketa prozesua martxan zen, eta ETA su-etenean zegoen oraindik. Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdi politikoa erroldatzen saiatu zen ezker abertzalea, «soilik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua» estatutuetan jasoz. Alderdien Legeak eskatzen duena bete zuten, legea gainditu eta erakundeetan egoteko apustu garbia eginez. Hala ere, ez zuen iragazkia pasatu alderdiak, eta Espainiako Justiziak ez zuen alderdia erroldatzea ere baimendu. Herrietan Abertzale Sozialistak (AS) izeneko hautesle elkarteak ere sustatu zituen ezker abertzaleak, sinadura bilketekin. Haiei ere bozetara aurkezteko debekua jarri zieten Auzitegiek.
2007ko boz haietan EAE-ANVk ere zerrendak aurkeztu zituen bai udaletan bai Batzar Nagusietan. Frankismo aurretiksortu zen alderdi hori azken urteetan bozetara ez zela aurkeztu ikusita, Espainiako Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak zerrendak aztertu zituzten, eta 133 inpugnatzea erabaki zuten. Auzitegi Gorenak 133 zerrenda horiek baliogabetu zituen, eta alderdi berekoak izanagatik, aurrera egin zuten gainerako hautagaitzek. Ondorio bitxia ekarri zuen erabakiak, erakunde batzuetan EAE-ANVren ordezkaritza baitago, eta beste batzuetan ez.
2008 EAE-ANV eta hautetsi independentistak
Iaz egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa azaldu zuen EAE-ANVk. Alderdia legez kanporatzeko prozesua abiatu zuen ordea, Espainiako Justiziak. Bozetara aurkeztea debekatu egin zioten. Abstentzioa eskatu zuten orduan ezker abertzaleko hautetsi independentistek, «Espainiari planto egiteko».
600dik gora zerrenda baliogabe
HB-EH eta Batasuna legez kanpo utzi zituztenetik Hego Euskal Herrian izan diren hauteskunde prozesuetan hamaika hautesle elkarte saiatu dira erakundeetara iristen. Haietako gehienei bidea itxi die Espainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu