Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 8.085 PCR proba eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 645 kasu atzeman zituzten, herenegun baino lau gehiago. Positiboen kurba, beraz, gora doa egunez egun, eta baita ehunekoa ere: %8 da. Hain zuzen, OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga; eskainitako azken datuek kopuru hori ere gainditu dute. Igoera, beraz, etengabekoa da.
Lurraldeetako egoerari dagokionez, beste egun batez jarraian, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehienak: 202. Gipuzkoan, 197 kasu atzeman dituzte; Nafarroan 154, eta Araban, 87. Gainerako bost positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean jasotakoak dira, Jaurlaritzaren arabera.
Erietxeak ere betetzen ari dira. Jaurlaritzak, astebururo lez, ez du datu orokorrik eman, baina jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan beste 53 pertsona ospitaleratu dituztela gela arruntetan. Nafarroan, berriz, 109 pertsona daude eremu horretan. Eta, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egoerari dagokionez, Hegoaldeko ospitaleetan 117 gaixo daude.