6.500 euroko isuna jarri diete ekintza feminista bat egiteagatik

Bilboko Gazte Feministen Sareak Bilboko Udaletxeko zubia moztu zuen iazko abuztuan, talde bortxaketa bat eta Ertzaintzak horrekiko izandako jarrera salatzeko. Egindakoa berretsi dute: «Berriro egingo genuke».

Bilboko Gazte Feministen Sareak egindako agerraldia, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko otsailaren 12a
17:47
Entzun

Bilbon gertaturiko talde bortxaketa bat eta Ertzaintzak hari emandako erantzuna salatzeko, hainbat militante feministak Bilboko Udaletxeko zubia moztu zuten joan den abuztuaren 15ean, bi neska gaztek euren burua zubitik zintzilikatuta. Salatu dutenez, Ertzaintzak «erasoak saihesteko» neurri zerrenda «lotsagarri» bat zabaldu zuen, eta horri erantzunez eta talde bortxaketa jasan zuen emakumearekiko elkartasunez egin zuten ekintza. Hogei emakume identifikatu zituzten, eta zortziri isunak iritsi zaizkie orain: guztira 6.500 euroko isunak jarri dizkiete, Mozal Legea aplikatuta. Egun hartan ere Ertzaintzak izandako jarrera gaitzetsi dute: «Zubitik zintzilikatuta zeuden bi emakumeak eusten zituen sokaren azpitik jendeari pasatzen utzi zioten, Bilboko Gazte Sare Feministako kideek ohartarazita ere arriskutsua zela».

Agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, Bilboko Gazte Feministen Sareak deituta, isunak salatzeko, eta gogoratu dute ez dutela damurik egindakoaz: «Berriro egingo genuke». Azpimarratu dute zilegi dela autodefentsa feminista eta «ekintza zuzena» erabiltzea, eta erasoen aurka egiteko neurri errealak eskatu dituzte: «Neurri paternalistetatik askoz harago doazen neurrien beharra azpimarratzen jarraitzen dugu, pairatzen dugun sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honen oinarriak astinduko dituzten neurriak».

Isunak ordaintzeko dirua lortzeko, Marrabila artistak egindako laminak salduko dituzte auzoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.