Foruzaingoak gizonezkoa atxilotu du, erasoa jasan duen adingabearen amak salaketa aurkeztu ondoren. Amak babes eta urruntze neurriak galdegin dizkio Poliziari.
Nafarroan, beste sei gizonezko atxilotu ditu Foruzaingoak indarkeria matxistarekin lotuta.
Iruñean, polizia batzuek bikote bat ikusi zuten eztabaidan, eta inguruan ziren hainbat lekukok adierazi zieten 22 urteko gizonezkoak emakumezkoa jo zuela. Une horretan atxilotu zuten.
Pitillasen (Nafarroa), berriz, 62 urteko gizonezko bat atxilotu dute, emaztea jotzeagatik eta semeari aizkora batekin mehatxu egiteagatik.
Tuteran ere gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak, tratu txarrak egotzita. 49 urteko gizonezko bat salatu du haren bikotekideak, eta Poliziaren laguntza eskatu zuen etxetik irten ahal izateko.
Tuteran bertan, 30 urteko gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik.
Arrazoi berarengatik hartu dute atxilo 49 urteko gizonezko bat Burlatan. Emakumezkoak eman zion abisu Poliziari, gizonezkoa jarraitzen ari zitzaiola ohartarazteko.
Zangozan, jazarpena leporatu dio emakume batek 60 urteko gizon bati. Emakumeak Poliziari adierazi dio ia hiru urtez jaso dituela gizonaren telefono deiak eta askotan segitu diola kaletik.