Azaroan egindako Ezabatu eta Euskaraz bizi ekintzen harira, 6.600 euroren isunak jaso ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek Nafarroan. Lau isun jarri dizkiete taldeko bertze hainbertze kideri. Hilabeteon hartu dituzte agiriak. Haietako bi Altsasun identifikatu zituzten foruzainek, joan den azaroan egindako protesten harira. Errepideko seinale bat ezabatzeagatik jarri diete isuna, batetik. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusitik ailegatu zaie isuna. Kide bakoitzak 3.000 euroko isuna jaso du horregatik.
Desobedientziagatik bertze isun bana jarri diete. «Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek euskaraz egin zieten foruzainei; haiek gaztelaniaz erantzuteko eskatu, baina egin ez zutenez, desobedientziagatik ere isun bana jarri diete», azaldu du EHEko kide Gorka Iriartek. Bakoitzari 150 euroko isuna jarri die Foruzaingoak. «Egoera erabat surrealista da».
Altsasun ez ezik, Iruñean bertan ere isunak jaso dituzte EHEko kideek. Arrosadian hiri barruko zirkulazioko seinaleak ezabatzeagatik isun bana jarri diote bi kideri, 150 euroko isun bana alegia. Kopuruan dagoen aldea nabarmendu du Iriartek.
Egoera salatzeko, agerraldia eginen dute gaur bertan taldeko kideek Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Isunei aurre egiteko moduak aztertzen hasi dira jada. Helegitea aurkeztu dute, isunak atzera botatzeko asmoz, baina Iriartek aitortu du hori lortzeko esperantza handirik ez dutela.
Edozein modutan, hizkuntza eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu du EHEko kideak. «Gure mezua berretsiko dugu karrikan, hizkuntza paisaiaren harira, hedabideen aurkako erasoen harira, irakaskuntzan gertatzen diren erasoen harira eta abar».
6.600 euroren isunak jarri dizkiote EHEri
Errepideko seinaleak ezabatzeagatik eta desobedientziagatik jaso dituzte, Altsasun eta Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu