Karibetik heldutako belaontzi bat, barruan ia 700 kilo kokaina zituela, atzeman du Espainiako Zerga Agentziak Zumaian (Gipuzkoa). Eta ontziko eskifaiko bi pertsonak atxilotu egin ditu Zerga Agentziako Aduanak Zaintzeko Unitateak. Atxilotuetako bat Herbeeretakoa da jatorriz eta bestea Erresuma Batukoa. Atxilotu orduko, Azpeitiko Auzitegiaren eskuetan utzi ditu biak.
Zerga Agentziak atzo eman zuen atxiloketen berri, baina herenegun arratsaldean atzeman zituen belaontzia eta haren gidariak. Ikerketa iturriek adierazi dute oraindik ez dutela argi bidaiaren helmuga zein zen: Euskal Herrian gelditzekoa zen, edo Frantziara edo Erresuma Batura bidean zegoen.
Polizien arteko nazioarteko elkarlan baten barruan harrapatu dute kokainaz betetako belaontzia. Krimen Antolatuaren kontrako Inteligentzia Zentroak atzeman eta jarraitu zuen belaontzia, Karibetik irten eta Atlantikoan barrena egin zuen bidaian zehar. Kantabriako uretan sartu orduko, Aduanak Zaintzeko Unitateari eman zioten belaontziaren berri; unitate horrek itsasoz eta airez jarraitu zuen belaontzia, herenegun Zumaiako kirol portuan sartu zen arte. Behin kaian, belaontzia atzeman eta eskifaia atxilotu zuten, atzo arratsean.
Guztira, «araztasun handiko» 698 kilo kokaina zeuden ontziaren barruan, Juan Antonio Moral Zerga Agentziako EAEko ordezkariak adierazi duenez. Fardeletan bildua zeramaten droga, eta plastikozko poltsetan gordeta. Belaontzi guztian zehar barreiatuta zeramaten. Ontzia berezia da atzemandakoa: egurrezkoa da, 12 eta 15 metro arteko luzera du, eta batere erregairik gabe egin du Atlantikoa zehartzeko bidaia, haizearen indarrez.
Mediterraneo aldean halako droga kantitateak atzematea arruntagoa dela nabarmendu du Moralek; aldiz, Kantaurikoan inoiz egin den era horretako droga harrapaketa handienetako bat izan dela nabarmendu du.
Atxiloketa bat Gasteizen
Gasteizen, bestalde, tabernari bat atxilotu zuten atzo ertzainek, Coronacion inguruan. Ertzaintzak adierazi du tabernara sartu eta 15 gramo haxix aurkitu zituela, baita gramo bat kokaina eta marihuana «pixka bat» ere. Droga tabernan bertan saltzea leporatu diote tabernariari.
700 kilo kokaina atzeman dituzte Karibetik iritsitako belaontzi batean, Zumaian
Ontziko bi gidariak atxilotu eta Azpeitiko Auzitegiaren eskuetan utzi dituzte aduana zaintzarako poliziek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu