73 egun pasatu dituzte zigor ziegetan, eta denbora horretan ez dute bisitarik ere izan Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxeak. Valence espetxean zituzten, kartzela berria da, eta frogak egiteko erabiltzen dute. Bizi baldintzak oso gogorrak dira han, eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako mugimenduaren (AEM) arabera "sarraski espetxea" da. "Europa guztian ezarri nahi duten espetxe eredu berri baten prototipoa da, muturreko segurtasunean oinarritzen dena".
AEMk zoriondu egin ditu Zobaran eta Goieaskoetxea "erakutsitako ausardia eta duintasunagatik". Hala, bi presoek borroka egitea beharrezkoa ez ezik eraginkorra ere badela erakutsi dutela azpimarratu du AEMk: "Borroka egiteak emaitza positiboak ematen ditu". Nolanahi ere, espetxean ez ezik, kalean ere mobilizazioak egin behar direla azpimarratu dute, eta gogora ekarri dute presoak txandakako gose greba egiten ari direla gaixo dauden presoen eskubideen alde, lehen Huelvan eta orain Kordoban.