"Hausnarketa estrategikoaren zergatiak eta, nazio askapen mugimenduaren berrantolaketaren baitan, ETAren ziklo eta misio historikoari amaiera emateko erabakiaren arrazoiak" jaso ditu ETAk bere azken eztabaida prozesuaren ondorioen txostenean. Gara egunkariak eta Naiz.eus agerkariak egin dute publiko txostena, eta, azaldu dutenez, bere azken Zutabe-an 774 hildako eta 2.606 ekintza armatu aitortu ditu erakunde armatuak —Zutabe aldizkariko azken zenbaki horren parte da Gara-k publiko egindako txostena—.
Hildakoen artean, orain arte aitortu gabeko bi gertakari azaldu dituzte: 1981ean Tolosan hildako hiru lagunen kasua —poliziekin nahasi zituztela esan dute—, eta Madrilen 1974an jarritako lehergailu batena —hamahiru lagun hil zituzten; "bik bakarrik zuten gertuko harremana DGS Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiarekin", adierazi dute—.
Publiko egindako txostenean, "ETAren ibilbide historikoa eta ekarpena" aztertu dituzte lehenik, eta "zikloaren eta estrategiaren aldaketan" izandako ibilbidea ere bai (2009 eta 2017 urteen artean). Tarte hori "trantsizio moduko bat" izan dela azaldu dute: "Prozesua modu konplexuan garatu da urteotan. Egia esan, iruditegi kolektiboan eraikitzen direnak baino prozesu konplexuagoak ekarri ohi ditu errealitateak. Euskal Herritik kanpo azken urteotan izandako esperientziak ikusi besterik ez dago. Guztiarekin ere, ETAk bere bide propioa egitea lortu du".
Erabakiaren "izaera estrategikoa"
Jarduera armatuan aritu diren urteetan "sortutako eta lortutako baldintzak" zerrendatu ditu ETAk; besteak beste, "Frankismoaren erreformatik eratorritako marko juridiko-politikoaren agortzea eta zilegitasun eza Euskal Herrian", "estatuen krisia eremu ezberdinetan", "erabakitzeko eskubidearen nagusitasuna"... Dena den, jardun armatua uzteko erabakia "estrategikoa" dela nabermendu dute: "Nazioarteko eragileen bitartez ETAk eta Espainiako Gobernuak finkatutako bide-orri bati lotuta hartu izan arren, borroka armatua uzteko erabakiak beste izaera bat zuen Erakundearentzat: estrategia politiko-militarretik estrategia politikora igarotzea, edozein bide-orriren gorabeheren gainetik ere".
"Egia ukaezintzat" jo du ETAk eztabaida eman zuten garaian "borroka armatua egiteko arrazoiek bere horretan segitzen zutela", baina argitu du "sortutako baldintzei modu egokienean eta eraginkorrenean erantzutea" zela helburua, eta "oso agerikoa" zela "gero eta bateraezinagoak" izango zirela jardun armatua eta "estrategia independentista garatzeko ezinbestekoa zen indar metaketa". "Borroka molde guztien osagarritasunaren printzipioa ezingo zen mantendu eta aldaketak erabatekoa beharko zuen izan".
Fase berria eta gatazkaren ondorioak
ETAren iritziz, "eskaintza independentista berritzeak eta independentziaren aldeko gehiengoa osatzeak izan behar dute ardatza" oraingo garai politikoan, "Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari beste bide batzuetatik jarraipena" emateko.
"Gatazkaren ondorioak" ere aipatu ditu ETAk, eta "estrategia inpdependentistaren baitan" kokatu du horien konponbidea. "Gatazkaren ondorioen kudeaketarako bestelako eredu adostu batek gauzak erraztuko lituzke, baina edonola, aurrerantzean ere zeregin horiek, ETA gabe, berme nahikorekin bideratzeko moduak izango direla uste dugu".