MEMORIA

78ko Sanferminak Gogoan plataformak bere gain hartu du salatutako pankarten erantzukizuna

PSOEren gobernuari leporatu diote adierazpen askatasunari eraso egitea.

78ko Sanferminak Gogoan plataformaren agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olatz Azpirotz Larzabal.
2018ko uztailaren 18a
07:01
Entzun

Agerraldia egin du gaur goizean 78ko Sanferminak Gogoan plataformak. Agerraldi horretan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hainbat iruindarri eginiko zitazioak salatu ditu. Uztailaren 13an jaso zituzten zitazioak Espainiako Poliziaren aurrean deklaratzera joateko, euren etxebizitzako eraikinean Sanfermines 78 Gogoan pankarta jarrita «estatuari irain» egin ziotelakoan.

1978ko sanferminetako gertaerak gogoratzeko eta salatzeko pankartak ziren —Poliziak German Rodriguez hil zuen, Iruñean—, eta Inpunitateari Stop zioten. Pankarta horietan orain dela 40 urteko sanferminetan Poliziaren irratian entzun ahal izan ziren mezuak irakur zitezkeen; "Emaiozue buelta plazari. Prestatu bokatxa guztiak, eta energia guztiekin tiro egin, ahal bezain gogor. Ez diezazuela inporta inor hiltzea".

Momentuz pertsona bakar bat joan da deklaratzera, eta uko egin dio Espainiako Poliziaren aurrean hitz egiteari. Epaile baten aurrean deklaratuko duela esan du. Bestalde, beste hainbat bizilagun deitu ditu Espainiako Poliziak, lekuko bezala deklara dezaten.

78ko Sanferminak Gogoan plataformako kide Presen Zubillagak "adierazpen askatasunaren aurkako eraso larritzat" jo ditu zitazioak, eta gertakarien ikerketan Espainiako Poliziaren jarduna "argiki oztopatzailea" izan dela adierazi du.

Bestetik, plataforma bereko kide Sabino Kuadrak auzibideak geldiarazteko eta artxibatzeko eskatu die Espainiako Poliziari eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari. Halakorik egin ezean "erantzun irmoa eta sendoa" sustatuko dutela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.