German Rodriguezen hilketa

78ko Sanferminak Gogoan plataformak salatu du "disidentzia kriminalizatzen" ari dela Madril

EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Espainiako Gobernuak erantzun du Inpunitateari Stop; 78ko sanferminak, estatu krimena leloa "estatuko erakundeen aurkako irain delitua" izan daitekeela.

78ko Sanferminak Gogoan plataformaren agerraldia, uztailean. IDOIA ZABALETA, FOKU.
Hodei Iruretagoiena
2018ko urriaren 31
15:36
Entzun

1978ko sanferminetako gertaerak gogoratzeko eta salatzeko —Poliziak German Rodriguez hil zuen, Iruñean—, 78ko Sanferminak Gogoan plataformaren hainbat pankarta jarri zituzten Iruñeko bizilagun batzuek, beren etxebitzako eraikinean. Inpunitateari Stop zioten, eta duela 40 urte Poliziaren irratian entzun ahal izan ziren mezuak irakur zitezkeen; "Emaiozue buelta plazari. Prestatu bokatxa guztiak, eta energia guztiekin tiro egin, ahal bezain gogor. Ez diezazuela inporta inor hiltzea". Ondorioz, lau lagun deitu zituzten deklaratzera —haietako bat, lekuko gisa—, eta horri buruz galdetu zion Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Pedro Sanchezen gobernuari.

Pankarta horiek "ekintza batasunean, Estatuko Poliziaren izen onaren aurkako inkriminatze eta gorroto kanpaina bat" direla erantzun du Madrilek, idatziz. 78ko Sanferminak Gogoan-entzat, ordea, "disidentzia politiko eta soziala, eta Poliziaren eta gobernuaren ekinbidea kritikatze hutsa kriminalizatzea" da atzeko helburua. Pankartetan adierazitakoak "ebidentziak" baino ez direla defendatu dute, eta beren gain hartu dute egindakoa, "ehuneko ehunean", uztailean egindako agerraldian adierazi zuten gisan.

"German Rodriguez Saiz hil egin zuten"

Iruñeko plataformak beste datu bat ere nabarmendu nahi izan du gobernuak emandako erantzunen artetik. "Hainbat hiritar eta polizia zaurituta gertatzeaz gain, German Rodriguez Saiz hil egin zuten", dio gobernuak idatziz emandako erantzunak. 78ko Sanferminako Gogoan-en esanetan, lehen aldia da gobernu batek gertakari hura hilketatzat hartzen duena. "Azaldu beharko luke bere garaian sumarioetan sartu ez ziren zer froga dituen", esan dute: "Eta azaldu beharko luke zergatik jazartzen dioten 40 urteotako inpunitatea salatzen dutenei, hilketaren egile uniformeduna nor izan zen ikertu beharrean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.