80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 15a
13:25
Entzun

COVID-19 gaitzaren izurriak indartzen jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 kasu atzeman dituzte azken 24 orduotan, eta, Nafarroan, beste 20. Azken herrialde horretan, gainera, pertsona bat hil da, aurrenekoa azken bost asteotan.

Nafarroan 20 kasu atzeman dituzte, PCR probak erabilita, Araban zazpi eta Bizkaian 10. Baina Gipuzkoan dago, oraintxe, agerraldirik indartsuena: 41 kasu topatu dituzte. Horri gehitu beharko litzaieke odol analisien bidez topaturikoak: beste 39. Kutsatze ratioa 1,48 da EAEn, eta bost pertsona daude ZIUetan hegoaldean.

Heriotzarik gabeko bolada ona Tuteran hautsi da. Adin handiko emakume bat hil da. Ekainaren 11tik ez zuen koronabirusak inor hil Nafarroan. Herrialdeko agerraldirik handienak Iruñean eta inguruan daude, edonola ere.

Uztailaren 6ko hamaiketakoan zabaltzen hasitakoak 24 kasu eragin ditu dagoeneko. Baina Nafarroako osasun agintariek beste agerraldi baten berri eman dute gaur: Iruñean dago, eta hiru adiskide kutsatu direla zabaldu dute.

Santos Indurain osasun sailburuak esan duenez, Tuterako agerraldia «atzeraldian» dago. Horrek 36 kasu eragin ditu Nafarroan. «Behera egiten ari da, argi, baina oraindik espero dezakegu kasuren bat».

Sunbillako agerraldian ez da kutsatu gehiagorik atzeman azken 14 egunotan. Nafarroako Gobernuak handitu egin du agerraldiak kontrolatzen dabilen taldea: 21 kide zituen lehen eta 31 ditu orain.

EAEn 24 orduko epean 60 kasu baino gehiago atzeman zen azken aldia apirilaren 30 inguruan izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.