OROIMEN HISTORIKOA

80 urte ahanzturaren aurka

Zortzi hamarkada bete dira militar talde batek armak hartu zituela, bozkalekuetan aukeratutako Espainiako Gobernua kargutik kentzeko. Gertatutakoa gogoan izango dute gaur.

Urkullu mendian Guda Zibileko gudari baten gorpua bere hobitik ateratzeko lanak Larrabetzun, aurtengo urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 18a
08:38
Entzun

Ordu gutxian irauli zuten dena. Espainiako armadako jeneral batzuek estatu kolpea eman zuten. Bozkalekuetan aukeratutako gobernua kentzea zuten jomuga. 1936ko uztailaren 17an Afrikan hasi, eta 18an penintsulara egin zuen; ez, haatik, espero zutena lortu. Erdibidean geratu ziren. Atzera egin beharrean, ordea, aurrera jarraitu zuten: gerrarako deia egin zuten.

Gerra bukatu eta 80 urte geroago, exhumazioak egiten eta hildakoak lurperatuta egon litezkeen lekuak bilatzen eta exhumatzen jarraitzen dute senide eta elkarte askok, Aranzadiren eta erakunde publiko batzuen laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak 275 hobi inguru dauzkate kokatuta mapan. Horietatik 125 bat exhumatu dituzte, osorik edo parte batean, gehienak azkeneko bi hamarkadetan.

Oroimenaren berreskurapen lanean, ekarpena egin nahi izan du BERRIAk. Oroiteriawebgunean bildu ditu estatu kolpeari eta ondorengo gerrari buruzko testuak, argazkiak, musika, bideoak eta infografiak.

Urteurrena gogoan izango dute gaurko egunean. 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, No pudieron romper el cerco. Crímenes y represión franquista contra ELA liburua aurkeztuko dute Joxeangel Ulazia egileak, Josu Chueca historialariak eta Xabier Anza Manu Robles-Arangiz Fundazioko presidenteak.

19:00etan, berriz, oroimen historikoaren aldeko elkarteek "zigorgabetasunaren" aurkako ekitaldi bat egingo dute Iruñeko Askatasunaren plazan. Gasteizen, 20:00etan egingo dute elkarretaratzea katedral berriaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.