Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen askatasuna eskatuz argazki kanpaina sustatu du herritar plataforma batek, eta dagoeneko hainbat lagun ezagunek bat egin dute: Gerry Adams, Karmelo Landa, Jose Mari Arrate, Fermin Muguruza, Martxelo Otamendi, Floren Aoiz, Joseba Zulaika, Rafa Larreina, Oskar Matute, Jone Goirizelaia, Fito Rodriguez, Uxue Alberdi, Ramon Labaien, Jose Luis Korta, Hasier Etxeberria, Aitor Mendiluze edota Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k.
Navalcarneroko espetxean (Madril, Espainia) daukate gaur egun Otegi; 8719600510 zenbakidun presoa da. Euskal Herrian ireki den egoera berrian "haren ekarpena funtsezkoa" izango dela iritzi dio herritar platafomak, eta kalean behar lukeela.
2009ko urritik preso
Otegi iazko urritik dago kartzelan -lehen ere egona da-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten 2009ko urriaren 13an, hainbat kiderekin batera. ETAren esanetara aritzea leporatu zieten.
Joan den martxoan, berriz, Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri zion, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok. Defentsak Gorenera joa du; beraz, epaia ez da irmoa oraindik.
Hurrengo asteko ostegunean Otegiren aurkako beste epaiketa bat hasiko da, Auzitegi Nazionalean: 2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan Batasunaren izenean egindako bake proposamenean "terrorismoa" gorestea, desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiote.Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak ere epaituko dituzte. Fiskalak hirurentzat hemezortzina hilabeteko kartzela eskatzen du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa.
polITIKA
8719600510 presoa libre nahi
Arnaldo Otegi askatzeko kanpainarekin bat egin dute hainbat lagunek, argazki bidez: Gerry Adams, Karmelo Landa, Jose Mari Arrate, Fermin Muguruza, Martxelo Otamendi, Joseba Zulaika, Rafa Larreina, Oskar Matute, Jone Goirizelaia, Uxue Alberdi edota Ramon Labaienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu