bateragune auzia

900 egun preso gaur Otegi, Jacinto, Rodriguez eta Zabaletak

Diez aldi batez libre egon zen, bermepean. Asteazkenean egin zuten Gorenean defentsa abokatuen helegiteari buruzko auzi saioa; epaileek aztergai dituzte askatasun eta zigorra berresteko eskaerak.

2012ko martxoaren 31
13:12
Entzun

Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta Bateragune auziko presoek gaur 900. eguna dute kartzelan; 2009ko urriaren 13an izan zen polizia operazioa, eta handik egun batzuetara sartu zituzten espetxean, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzeko ETAren esanetara ari zirelakoan. Auzi berean Rafa Diez ere preso daukate, baina hura aldi batez libre izan zen, bermea ordainduta —iazko irailaren 19tik da berriro espetxean—.

Datozen egun edo asteetan jakingo da bostek espetxean segituko duten ala ez. Izan ere, asteazkenean izan zen Espainiako Auzitegi Gorenean defentsa abokatuek aurkezturiko helegiteari buruzko auzi saioa, eta Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek aztergai dituzte orain eskaerak.

Hain zuzen, Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta aske uzteko eskatu zuten defentsek, eta Fiskaltzak eta herri akusazioak, aldiz, Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresteko. 

Hamar urteko kartzela Otegik eta Diezek, zortzikoa Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak

"Edozer gauza gertatzen dela ere, inork ez dezala utzi hasi dugun bidea". Otegiren hitzekin amaitu zen iazko uztailaren 7an Bateragune auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Zigorra etorriko zitzaiela susmoa zuten auzipetuek, eta halaxe izan zen haietako bostentzat. Epaia irailaren 16an jakin zen: hamarna urteko espetxe zigorra Otegi eta Diezentzat; zortzina urtekoa Jacinto, Rodriguez eta Zabaletarentzat; eta absoluzioa Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serrarentzat.

Bi hilabete geroago, azaroaren 16an, bost presoen defentsek kasazio helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, epaia baliogabetzeko eskaera eginez.

'Bateraguneko' presoak askatzeko eskatu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Proposamena Bildu, Aralar eta EAJko batzarkideen botoekin onartu zuten. PSE eta PP aurka azaldu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.