Telefono zerbitzua

948ren ordez 848 aurrezenbakia dute Nafarroan gaurtik Gobernuko zerbitzuek eta erietxe publikoek

Gaurtik aurrera Nafarroako erietxe publikoetara eta administrazioko zerbitzuetara deitzeko 848 aurrezenbakia markatu beharko da orain arteko 948ren ordez. Erietxe publikoetan ez ezik, kontsulta zentro espezializatuetan ere aldaketa egin dute, hala nola, Soltxaga Anbulategi Nagusian, Vianako Printzea Zentroko Kanpoko Kontsultetan, San Frantzisko Xabier Psikogeriatria Zentroan, eta osasun mentaleko zein emakumeak artatzeko hainbat zentrotan. Gainerako osasun zentroetan 948 aurrezenbakiarekin segitzen dute.

2003ko abuztuaren 18a
15:08
Entzun
Aurrezenbakiaren aldaketa Nafarroako Administrazioaren telefono zerbitzua hobetzeko planaren urratsetako bat da. Hain zuzen ere, neurri horren bidez erabiltzaileei arreta hobea eskaini nahi die, batetik, Nafarroako Gobernuak. Bestetik, gastuak aurreztu nahi ditu.

Joan den udaberrian, hiru enpresaren esku utzi zuen Nafarroako Gobernuak bere telekomunikazio zerbitzua. Telefonia finkoko zerbitzuen kudeaketa UTE Auna-Tenaria enpresak eskuratu zuen; telefonia mugikorra, Telefonica Movilesek, eta, azkenik, datu baseak eta Internet Telefonicak. Erabaki horien bidez, telekomunikazio gastuetan %38 aurreztuko duela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

"Telefonia finkoko operadorearen aldaketak eta luzapenak berriro antolatzeko premiak 848 aurrezenbaki berria erabiltzera behartu gaituzte, numerazio handiagoa behar baikenuen eta bestela zenbakiak falta baitziren", azaldu dute Nafarroako Gobernuko iturriek.

Iruñerriko zerbitzuetan aurrezenbakia baino ez da aldatuko. Lizarrako eta Tuterako administrazio zerbitzuetan, ordea, zenbaki guztiak aldatzen dira. Nolanahi ere, betiko telefonoetara deituta erantzungailu batek aldaketaren berri emango du lautik hamabi hilabete arteko epean. Era berean, aldaketa horien guztien berri emateko kanpaina handia egingo du Nafarroako Gobernuak irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.