Lan eskaintza publikoa

953 lanpostu berri sortuko dituzte Osakidetzan

Eusko Jaurlaritzak guztira 7.545 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin du 2020rako hezkuntzan, Osakidetzan, Ertzaintzan eta administrazio orokorrean

Gobernu Kontseiluaren ondoren eman duten prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 17a
10:46
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 7.545 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu berri du. 3.103 Osakidetzarako izango dira, eta horietatik 953 lanpostu berriak izango dira. Gainerakoak, berriz, 2017an eta 2018an hildakoei eta erretiroa hartutakoei dagozkie. Osakidetzan inoiz egin den lantalde handitzerik garrantzitsuena da: eta 26.543 langile ditu, 27.496 izango ditu aurrerantzean. 2020an hasiko dira azterketekin, eta hiru urtean egitea espero dute. Nekane Murga Osasun sailburuak ziurtatu duenez, lanpostu berrien bidez erantzuna eman nahi diote osasunaren arloan dagoen «gero eta eskari handiagoari», belaunaldi erreleboa egiteko beharrari, zerbitzu eta azpiegitura berriak sortu izanari eta plan eta proiektu estrategikoak bultzatzeari. Eusko Jaurlaritzak egin dituen kalkuluen arabera, behin-behinekotasuna %4 jaitsiko da.

Hezkuntzari dagokionez, 2.499 lanpostuko eskaintza izango da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzazko eta Lanbide Heziketako irakasleentzat, hezkuntza laguntza ematen duten adituentzat, fisioterapeutentzat, terapeuta okupazionalentzat, zeinu hizkuntzako interpreteentzat eta materiala egokitzeaz arduratzen diren pertsonentzat.

Lan eskaintza murritzagoak izango dira Ertzaintzarako eta administrazio orokorrerako. Zehazki, 1.043 lanpostuko eskaintza egin dute administrazio orokorrerako. Horietatik 426 goi mailako teknikarientzat izango dira; 350, administrari laguntzaileentzat; 130, administrarientzat; 70, administrazio kudeaketarako; 50, mendekoen kidegokoentzat; eta hamazazpi, psikologoentzat. Ertzaintzarako, berriz, 900 postu eskainiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.