Ekaitza

A-15 ireki dute

Errepideak eta eskolak itxita eta garraio publikoko hainbat zerbitzu etenda daude edo egon dira elurragatik. Esaterako, A-8 autobidea itxita egon da Elgoibar (Gipuzkoa) parean, baina dagoeneko ireki dute. A-15 eta A-1 (Etxegarate, Madrilerako bidea) ere ireki dituzte. Lapurdin, A-63an, 12 kilometroko ilarak sortu dira. Araban handiak dira arazoak.

2007ko martxoaren 21a
18:26
Entzun
Goizak aurrera egin ahala, korapilatu egin da errepideetako egoera. Hala, eguerdi partean arazo franko zeuden errepide sare nagusian: AP-1 autobia itxita zegon Araban, ibilgailu guztientzat. Araban, bertan, N-1 errepidea itxita zegoen kamioientzat Nafarroako mugatik Gasteizeraino. AP-68an, Araban eta Bizkaian,autoak soilik ibil zitezkeen, eta kateekin. Gipuzkoan, A-8 itxi egin dute Elgoibar parean (dagoeneko ireki dute), eta A-1a etenda zegoen Bergaran.

Era berean, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobia itxita egon da arratsaldera arte baina ireki dute. Etxegarateko mendatea baino lehen istripua izan da N-1ean, Idiazabal (Gipuzkoa) inguruan, eta bidea trabatuta egon da; duela gutxi ireki dute Madrilerako bidea. Nafarroako errepide sarea nagusian Urkiagako mendatea itxita dago ibilgailu guztientzat.

Lapurdin, A-63 autobidean, 12 bat kilometroko auto ilarak sortu dira Gipuzkoarako noranzkoan, Pausuko ordainleku inguruan hasita. Izan ere, trafikoan arazoak daudela eta, kamioei pasabidea itxi die Jaurlaritzak, eta pilaketak eragin.

Bigarren mailako errepide sarean asko dira itxita dauden edo kateak behar diren ibilgailuak. Horiei buruzko informazio zehatza gune hauetan topa daiteke:

-Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzkoa webgune honetan edo 902112088 telefonoan.

-Nafarroari buruzkoa webgune honetan edo 900400100 telefonoan.

Eskolak itxita, eta garraio publikoak bertan behera

Elur ekaitzaren ondorioak eskoletan ere nabaritu dituzte, eta hainbat itxita daude. Araban hamar bat dira itxita dauden eskolak, eta EHUren Gasteizko campuseko zenbait eskola eta fakultatetan ere klaseak etetea erabaki dute. Bizkaian, Otxandioko, Muxikako eta Karrantzako eskolak itxi dituzte, eta ikasleak eramateko garraio zerbitzuarekin arazoak izan dituzte beste askotan. Gipuzkoan, Tolosaldean, Azkoitian, Goierrin, Aretxabaletan eta Antzuolan ere arazoak izan dituzte ikasleak eskoletara eramateko zerbitzuek.

Eskola garraioari ez ezik, errepide bidezko garraio publikoari ere eragin dio oro har ekaitzak. Gasteiz eta Bilbo arteko autobus zerbitzua bertan behera utzi dute, Debagoienan eta Urolan ibiltzen direnak edo Donostia-Arrasate zein Eibar-Iruñea ibilbidea egiten dutenak bezala.

Aldiriko tren zerbitzuetan ez dago arazo handirik, baina Renfek jakinarazi du ibilbide luzekoak atzerapenekin dabiltzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.