Lapurdiko kostaldea zeharkatzen duen autobidea zabaltzeko xedea aspaldi igarri zuten, baina joan den asteartean bildu ziren lehen aldiz Administrazioa, autopista kudeatzen duen ASF konpainia eta herrietako hautetsiak egitasmoak kalte egin dien pertsonek osatu dituzten elkarteekin. Bilkuraren ondoren kaltetuen elkarteek adierazi zuten zapore gazi-gozoa gelditzen zitzaiela, batetik xedeak kalteak eraginen dituelako, baina bertzalde lasaiago, Parisek eta ASFk hitzarturiko aterabideak bultzatuko dituztela adierazi ondoren.
A-63 autopista eguneroko arazoa izaten da bidaiariarentzat, nagusiki uda partean. Baina kamioien presentzia gero eta itogarriagoa bihurtzen ari da. 1986an 3.900 ibilgailuk erabiltzen zuten, horien artean1.600 kamioi. 2000. urtean 19.400 ibilgailu zenbatu ziren, artean ia-ia 8.000 kamioi. Ikerketek erakutsi dute kopuruak bikoiztu egingo direla bederen 2015. urterako.Xedea A-63 autopista zabaltzea da. Toki jakin batzuen salbuespenekin, orain bi ildo baizik ez ditu autopistak. Norabide bakoitzean ildo bat gehiago zabaltzea da xedea, Biriatutik Hiriburura. Aipatu bi herrien artean dauden bertze hamar herri ukitzen ditu egitasmoak: Urruña, Ziburu, Donibane Lohizune, Getaria, Bidarte, Miarritze, Arbona, Arrangoitze, Angelu eta Baiona.Hastapeneko xedeak 150 etxe inguru deuseztatzea aitzinikusten zuen. Uztailean egindako lehen bilkuran egitasmoaren arduradunek 50 etxe egitasmotik at utzi zituzten. Atzokoan bertze 25 etxe inguru deuseztatzetik libratu ziren. Egitasmoa burutzeko behar-beharrezkoa dute 25 etxe erostea. Gelditzen diren 50 kasuak otsailean eginen den Gidaritza Batzordearen ebazpenaren zain geldituko dira.Arazo nagusiak bi ataletan azaltzen dira, batetik desjabetzeak eta bigarrenik ingurumena. Jabetzen atalean hiru puntu nagusi daude, etxeen jabeak, laborarien lur eta etxaldeak eta azkinik industriaguneak. Ingumen mailan airearen kalitatea, arrabotsa eta ura dira kezka nabarmenenak.Behin-betiko trazaketa berria zein den otsaileko bilkuran adieraziko dute, zehazki zein eremu behar diren finkatu ondoren.
Adostasuna
Autopista xedeak kalte egiten dien eremuetako biztanleen elkarteek lasaitasuna eta zuhurtzia adierazi dute bilkuraren ondoren. Izan ere, desjabetuko dituzten etxeen kopurua nabarmenki apaldu da eta bertzetik adostasunaren beharra azpimarratu dute, bai suprefetak, bai ASF konpainiak, arazoari aterabide duina emateko.
«Autopistaren ondoan etxea erosi duten pertsonek ez zuten ahalik bertze nonbait erosteko etxea. Merkeenak erosi zituzten, eta orain, erosketa prezioa apalegia bada, ez dute ahalik ukanen etxerik erosteko», adierazi zuen Mizel Esteban Lurra Zain elkarteko arduradunak. Elkarteek etxeen arazoari aterabidea emateko eskatzen diete hautetsi eta ASFko arduradunei. Urruña da, egitasmoa aurkeztu zenetik, norabide horretan urratsak egin dituen herri bakarra. Izan ere, Urruñak sei-zazpi etxebizitza eraiki ditu kaltek izandako herritarrak aterpetzeko. Gainerateko herriek ez dute aztertu arazoaren aterabidea .«Horren aitzinean argi diogu etxeak merkatuko prezioan erosi behar direla, etxe berri baten erosketa bideragarria izan dadin», azpimarratu zuen Estebanek. Suprefetak herritarren samina eztitu nahi izan zuen. Elkarteei esan zienez,diru partida bat aitzinikusi da etxeak prezio duinean erosteko.Laborariek duten arazoa ez da tipiagoa. Alorrak eta pentzeak etxaldeen inguruetan daude, kasurik gehienetan. Autopistaren inguruan dauden lurren prezioa ere apala da eta, gainera, bakanak dira laborantza lurrak etxaldeetatik hurbil, autopistaren inguruetan ez ezik, kostalde osoan ere bai. Kasu guziak aztertuko direla adierazi zuten Estatuak eta ASFk.Donibane Lohizuneko Jaldai industriagunearen inguruan sortzen dirabertze arazoak. Izan ere hainbat enpresa kokatu dira autopistaren inguruan, prezioak apalagoak zirelarik, komunikazio egokiak lortzeko. Kokagune berriak aztertu beharko dituzte enpresa horientzat eta inguruan kokatu diren hainbat lantegi tipirentzat.
Ingurumena
Ingurumenak ere aipamen zabala ukan zuen bilkuran, bereziki urak eta arrabotsak. Uraren atalean autopistaren inguruan dauden 24 puntu babestuko dira, hauen artean errekak eta Donibane Lohizuneko aintzira bat. Arrabotsari dagokionez, ikerketak orain abiatuko dira, baina lanak egiterakoan 2025eko trafikoak eragin ditzakeen emaitzak hartuko dira kontuan. Aireak pairatzen duen kutsaduraren arazoak, ordea, ez zuen atzoko bilkuran aipamenik ukan. Airean gelditu den bertze kezka bat Hiriburukoa da, Paueko autopistarekin lotura egiteko moldea.
AZPIEGITURAK
A-63 autopistaren xedea dela-eta, elkarteak lasai baina zuhur daude
Kaltetuekin hitzarturiko aterabideak bultzatuko dituztela diote Parisek eta ASF konpainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu