2007ko urtarrilean Zarautz (Gipuzkoa) parean A-8 errepidea mozteagatik "desordena publikoak" egotzi zizkieten bost gazteei, eta bakoitzarentzat bi urte eta erdiko kartzela zigor eskaera egin zuen fiskalak. Epaiketa hainbat alditan atzeratu ostean, Donostiako Zigor arloko 2. zenbakiko Epaitegiko epaileak absolbitu egin ditu guztiak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ordea, helegitea jartzeko aukera du oraindik fiskalak; beraz, erabakia ez da behin betikoa.
Sententzian, epaileak onartu egin ditu gazteen defentsak azalduko arrazoiak, eta ebatzi du ez dela frogatu ez ekintza harekin desordena larririk eragin zutenik, ez indarkeriarik erabili zutenik, ezta protestak arriskurik eragin zuenik ere. "Zalantzak daude ekintza horrekin bideko erabiltzaileak arriskuan jarri ote ziren", esan du epaileak sententzian, eta gogora ekarri du Zarauzko bidesaritik gertu moztu zutela errepidea, autoak mantso doazen zatian, eta beraz, ez zela arriskurik sortu. Sententziaren arabera, ez dago nahikoa froga ekintza hura "bake publikoarentzat mehatxu larria" izan zela esateko.
Ia hamar urteko auzia
Bost independentistek, 2007ko urtarrilean, A-8 itxi zuten elkarri kateatuta, Jarrai-Haika-Segi auzian Espainiako Auzitegi Gorena ematekoa zen epaia gaitzesteko, eta jadanik hiru aldiz atzeratu diete epaiketa. Auzitegi Nazionalak «terrorismo» delitua egon zela baztertu, eta kasua Donostiako Epaitegira igorri zuen. 2012an zuten epaiketarako lehen hitzordua, baina unea heldu zenean epaileak atzeratu egin zuen, ertzain lekukoen identifikazio okerrengatik. Duela hiru urte izan zuten bigarren deia epaiketarako, baina, aurrenekoan eta 2015eko beste batean bezala, Azkona, Ariznabarreta eta Ladron ez ziren azaldu, eta, zigor eskaerak buruko bi urtetik gorakoak direnez, han egon beharra zuten epaiketa egin zedin. Martxoan epaitu zituzten azkenean, epaiketara agertu ez zirenak atxilotu ondoren.