Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, guztiz ukatu du legez kanpoko ezer egin izana. Gainera, bere zerbitzu juridikoei agindu die salaketak aztertzeko auto -gidarien elkarte hori auzitara eramateko, «iseka eta gezurrezko akusazioengatik». Bihar, Azpiegituretako foru diputatu Javier Zuriarrainek aferaren inguruko zalantzak argitu beharko ditu Batzar Nagusietan, Ezker Batuak auziaren inguruan galdera egin baitio.
A-8 autobidea Bidegi enpresak kudeatzen du 2003az geroztik. Gipuzkoako Diputazioak 2002an onartutako foru arauak zehazten du Diputatuen Kontseiluak urtero zehaztuko duela bidesarien igoera, hainbat aldagai kontuan hartuta: distantzia, zerbitzuaren nolakotasuna, azpiegituraren hondatzea, eta, kasuan-kasuan, komertzializazio kostua. Alabaina, arauak berak argitzen du, urtearen hasieran Diputatuen Kontseiluak bidesariaren zenbatekoa eguneratu ez badu, «modu automatikoan» ezarriko duela kontsumorako prezioen indizearen %95.
Mario Arnaldo Europako Auto Gidari Batuak elkarteko lehendakariak «legez kanpoko biribiltzea» salatu du. «Bidegik eta Aldundiak errepide horren kudeaketa beren gain hartu zutenetik, gure elkarteko kideen kexa ugari izan ditugu.Baina orain arte ezin izan dugu egoera argitu. Aurten jakin dugu biribiltzeak egin dituela Aldundiak prezioetan. Hori dela eta, akusazio formala egin ahal izan dugu».
2007ko tarifen igoera azaltzen duen 2006ko Gipuzkoako foru dekretuak zehaztu du 2007tik aurrera ibilgailu arinei eta 1 motako astunei KPIren araberako igoeraren %95 aplikatuko zaiela, 2002ko 7/02 foru arauak zehazten duenari jarraiki. Urtearteko KPI %3,60 zenez, ezarri beharreko igoera %3,42 izatea ebatzi zuen Aldundiak. Alabaina, hurrengo lerrokadan hauxe zehaztu du: «Arau berri bat ezarri da 2006an indarrean dauden zenbatekoen gaineko gehikuntza aplikatzeko: kalkulua egin ondorengo bigarren zenbaki hamartarra 0ra edo 5era biribiltzea, kanona esku-dirutan kobratzea errazteko». Hala, Europako Auto Gidari Batuak elkarteak egindako azterketaren arabera, %3,42ko igoera ezarri beharrean, %7,42ko igoera ezarri dute iazkoaren aldean, Gipuzkoako A-8ko zatian dauden bidesarien batez besteko kalkulu bat eginda.
«Hara non aurten argitu diguten guk susmatzen genuena: alegia, 2005etik hona biribiltzeak aplikatu dituztela, besterik gabe. Baina gorako biribiltze horiek ez ditu aurreikusten foru arauak, eta, gainera, 2006ko abenduaren 31n indarrean ezarritako Espainiako Kontsumitzailearen Hobekuntzarako Legeak espresuki debekatzen du goraka biribiltzea. Eta lege hori, EAJk berak ere onartu zuen bere botoekin», esan du Arnaldok.
Elkarteko lehendakariaren esanetan, Bidegik igoerak egin ditzake, baina bakarrik foru arauak jasotzen dituen arrazoien arabera. «Biribiltzea ez da inondik inora azaltzen. Aldundiari esan nahi diogu, huts egin badute, zuzen dezatela, egungo tarifa eguneratuz. Badakit oso zaila dela itzultzea dirua milaka erabiltzaileri. Horregatik, hauxe eskatzen diegu: 2000ko tarifei KPIren urteroko aldearen %95 aplikatzea. Modu horretan, %9,5eko igoera litzateke, eta ez aplikatu duten %19,77koa».
Horren arabera, Bizkaiko mugatik Donostiako ordainlekuraino hamar zentimo gutxiago ordaindu beharko lirateke. «Otsail osoko epea ematen diegu hau egin dezaten. Ez badute egiten, auzitara eramango ditugu. Gu ez gara saiatzen ari ez inor difamatzen, ez inor iraintzen. Ez dugu esaten delitua egiten ari direnik. Guk diogu arauak babesten ez duen legez kanpoko biribiltzea egin dutela. Ez gaituzte atzeraraziko mehatxuen bidez. Guk gure bazkideen eskubideak babesteko gaude hemen, eta, otsail amaierarako ez badute zuzendu beharrekoa zuzendu, auzitara eramango ditugu».
ALDUNDIAREN ERANTZUNA. Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa ohar bat argitaratu zuen elkarteak salaketaren berri eman eta berehala. Aste honetan, ohar horretan esandakoa berresten duela esan dio BERRIAri. Hain zuzen, «gezur pila eta informazio alderdikoiak» ematea leporatu dio auto gidarien elkarteari. Aldundiak gezurtzat jo ditu salaketa guztiak, eta ziurtatu du Diputatuen Kontseiluak zorrotz bete duela foru araua, urtetik urtera onartutako foru dekretuen bidez. «Dekretu hauetako bakoitzak xedapen ezeztagarri bat du aurreko urteko dekretuak onartutakoa ezabatzen duena».
Aldundiaren arabera, bakarrik dekretua onartu ez bazen aplikatuko zen KPIren igoeraren %95 adierazten duen atala. «Baina errealitatea justu kontrakoa da, alegia, Kontseiluak eguneratzea onetsi du urtero, dekretu bidez». Horregatik, Aldundiaren arabera, Europako elkartearen salaketa «premisa faltsuetan oinarrituta dagoenez, ondorio guztiak ere faltsuak dira, eta soilik Diputazioaren irudia kaltetzea bilatzen du». Aldundiaren ustez, auto gidarien eskubideak babestea ezin da oinarritu «gizarte alarma eta nahasmena eragiten duten gezur eta desitxuratzeetan».
Bizkaiko zatia eta EKAren salaketa
Europistasen kudeaketaren esku 30 urte izan ostean, 2003an igaro zen A-8 autobidea Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien eskuetara. Geroztik, ez da batere lasaia izan kudeatzaileen lana, salaketak jarri dizkietelako. Besteak beste, iazko apirilean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Bizkaiko bidesarien araua indargabetu zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak 2002ko abenduaren 12an onartu zuen bidesariak sortzeko eta arautzeko foru araua. Hark onartzen zuen autobidea erabiltzeagatik ordaindu beharreko bidesariaren helburua «Bizkaian azpiegitura gaietan gerta daitekeen defizita gutxitzea» dela, eta diru horrekin ordainduko direla Bizkaia 2003 Irispideak Errazteko Plan Berezian aurreikusitako azpiegiturak. PPk helegitea aurkeztu zuen, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Orain, Diputazioak helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean. Bidesaria kobratzen jarraitzen dute.Horixe salatu du Koldo Nabaskuesek, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako (EKA) lehendakari eta A-8 Doan plataformako kide izanak. «Kobratzen jarraitzea bidegabea da. Politikariak beren helburuetarako jarraitzen dute bidesari hau erabiltzen. Gipuzkoan gertatuari buruz, goraka biribiltzea debekatuta dago». Azken urteotan, erabiltzaileak ordaintzera behartzeaz gain bidearen egoera «oso txarra» izan dela salatu du, lan ugariek «segurtasun falta nabaria» eragin dutelako, bere iritziz.