A-8an iraulitako kamioi batek Bilbo inguruko errepideak kolapsatu ditu

Sei orduz itxi zuten A-8 autobidea Donostiarako noranzkoan, eta auto ilara luzeak izan ziren

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2003ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
A-8 autobidean Galdakao eta Basauri artean kamoi batek izandako istripuak Bilbo eta inguruko errepideetan auto ilara luzeak sortu zituen atzo goizean. Goizeko 6:15ean gertatu zen istripua. A-8 autobidean Donostiarako noranzkoan zihoan kamioi batek artaziarena egin zuen, eta irauli egin zen; aldean zeramatzan 24 tona plater errepidean utzi zituen. Erdibitzailea ere aurretik eraman zuen, eta, azkenean, A-8 autobideko Donostiako noranzkoan dauden bi errailen erdi-erdian geratu zen. Ertzaintzak autobidea itxi zuen Basauri parean, eta N-634, BI-632 errepideetara eta Txorierriko korridorera bidali zituen autoak. Hala, Bilbo inguruko errepide guztietan autoak pilatu ziren, eta gidariek orduak egin behar izan zituzten zain.

Sei ordu luze behar izan ziren, auto pilatzeak arintzeko. Eguerdiko 12:30 aldera garabi handi bik iraulitako kamioia zegoen lekura heltzea lortu zuten, eta minutu gutxi batzuetan kendu zuten bidetik. Kamioia kenduta, A-8 autobideko Bilborako noranzkoko errail bat Donostiarako noranzkokoek erabiltzeko moduan jarri zuten. Horrekin arazoa arintzea lortu zuten.

Ez da lehen aldia

A-8 autobidean Bilbo inguruan istripuren bat gertatzen denean, ohikoa izaten da autoak pilatzea. Hain zuzen, horrexegatik haserretu ziren auto gidariak. Eusebio Melero Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatuak azaldu zuenez, A-8 autobidea autoz gainezka izaten da egunero Bilbo parean. «A-8an pilatzen da autorik gehien, batez ere Basauri eta Max Center-en artean. Baina errepide horrek ezin ditu hartu auto gehiago, gainezka dagoelako egunero. Gurutzetako bidegurutzea eta Basaurikoa dira A-8an arazorik gehien sortzen dituztenak. Bien artean gaurkoaren atzo moduko istripuren bat edo beste arazoren bat gertatzen bada, errepide sarea kolapsatzen da», esan zuen Melerok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.