AAMk Donostiako Belodromoan ekitaldia egingo du urtarrilean

Herritarrei aurkeztuko die gatazkaren konponbidean «pauso sendoak» emateko proposamen zehatza

2006ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 6an Donostiako Belodromora joateko deia egin die Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) herritarrei. Ekitaldi politikoa egingo du: Hitza eta erabakia, askatasunez. Hitzordua «ziklo berri baterako mugarri» izatea dauka helburu, eta proposamen zehatza helarazi gura dio gizarteari: «Konponbidean pauso sendoak emateko proposamena».

Une «delikatuan» baitago euskal gatazka amaitzeko prozesua. «Ez da ez Frantziako ez Espainiako gobernuen interesen zordun. Herritarren indarra dauka arnasa eta herritarren borondatea izan behar du muga bakarra», atzo Belodromoko ekitaldiaren aurkezpenean bozeramaile lanetan ibili zen Joseba Agudoren arabera. AAMk azaldu du aurrera begiratzeko garaia dela. «Herritarren garaia». Eta, zentzu horretan, ozen eskatu du «aukera politiko guztiak eta eskubide guztiak errespetatuak izango diren esparru berri bat».

Ezinbestekoa da alde guztiek «autodeterminazio eskubidea» errespetatzea. Lurraldetasuna eta amnistia ere «funtsezko osagaiak» dira gatazka gainditzeko eta «prozesu demokratikoa azken bururaino eramateko». AAMk azpimarratu du amnistiaren alde egotea ez dela «aukera politiko» hutsa. «Ez da alderdikeria. Herritarrok aske izango garen Euskal Herri baten alde egitea esan nahi du eta eszenatoki horretan denok izango gara garaile». Herri «berri» hori eraikitzeko, ordea, «baldintza demokratikoak» behar dira aurrenik.

«ERRESTITUZIO DEMOKRATIKOA». Gatazkaren izaera politikoa «aitortzeko eta «errepresioaren aukerari muzin egiteko» eskatu die AAMk Espainiako eta Frantziako gobernuei. «Esparru demokratiko berri horrek exijitzen du samina iraganeko faktore bihurtzea, desmilitarizazioan aurrera egitea eta gatazkaren ondorio diren errepresaliatuen egoera gainditzea». Euskal Herriak, azken buruan, «errestituzio demokratikoa» behar du. «Herritarroi hamarkada luzeetan ukatu egin zaigu hainbat politikariren ahotan aspertzeraino entzun izan dugun errealitate edo estatus demokratikoa. Ukatu eta baita prezio garestia ordainarazi ere bere alde borrokatu dutenei».

Baina atzera demokrazia ekartzeari ez ezik, AAMk helduleku garrantzitsu» iritzi dio «errestituzio historikoari». Alegia, «Estatuen indarkeriak Euskal Herriari eragin dion kalte sakona ezagutarazteari». Presoentzat estatus politikoa eta iheslarientzat Euskal Herrian «libre bizitzeko eskubidea» ere exijitu ditu. «Bakearen oinarriak ez baitira izango memoria historikoaren faltsifikazioa edota gatazka egoeraren desitxuratzea», AAMren irudiko.

Agudok azaldu du aldarrikapenhoriek guztiak daudela amnistia kontzeptuaren muinean. «Bere beharraz aritzeko eta barru-barruan ditugun ideia eta sentimenduen harilkatze politikoa aurkezteko antolatu dugu urtarrilaren 6eko ekitaldia, Belodromoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.