Politika

AAMk eutsi egin dio igandeko manifestazioari, Jaurlaritzak debekatu arren

"Beharrezko diren bide guztiak jorratuko ditugu manifestazioa arazorik gabe burutu ahal izan dadin", esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ekimenak "istiluak" eragin ditzakeela argudiatu du Jaurlaritzak ekitaldia galarazteko, eta baimen eskaera epez kanpo egin dutela.

2007ko irailaren 4a
18:02
Entzun
Eusko Jaurlaritzak gaur goizean iganderako Donostian deituta dagoen manifestazioa debekatu egin duen arren, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) arratsaldean ohar baten bidez jakinarazi du eutsi egingo diola deialdiari. "Beharrezko diren bide guztiak jorratuko ditugu manifestazioa arazorik gabe burutu ahal izan dadin", esan du AAMk.

Ekimena duela 30 urtetik egin izan dela gogoratu du, eta Jaurlaritzari igandean "arduraz jokatzeko eskaria" luzatu dio, "milaka herritar biltzen dituen urteroko manifestaldia bakean uzteko eta ez bidaltzeko ertzain armatuak jendea jazartzera".

AAMk gogor kritikatu du igandeko manifestazioaren debekua, "honen arrazoia politikoa dela ulertzen dugulako, eta, aitzakiak aitzakia, EAJk herritarren hitza eta adierazpen eskubidea errepresio bortitzaren bidez zapuztea aspalditik egina duen hautua da. Honenbestez, Ibarretxek herri kontsultari buruz egiten dituen iragarpenak edota Azkarragaren eskutik bultzatu berri duten eskubide zibil eta politikoen aldeko plana, marketingerako produktu hutsalak besterik ez direla nabarmen geratzen da beste behin ere".

Kontxako estropadetako egun nagusia dela eta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak urtero bezala manifestazioa antolatu du iganderako Donostian, Autodeterminazioa eta amnistia lelopean. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin du, ordea, "baimen eskaera epez kanpo" egin dela eta manifestazioa egingo balitz "istiluak" gertatuko liratekeela iritzita.

Beste urte batzuetako manifestazioetan istiluak izan zirela, eta, halaber, joan den igandean Kontxako lehen jardunaldian istiluak izan zirela nabarmendu du Herrizaingo Sailak. 13:30ean Bulebarretik abiatzekoa da manifestazioa, une eta leku horretan jende asko izaten dela, eta haien "segurtasuna arriskuan" jarriko litzatekeela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.