Defentsak aurkeztutako azken lekukoen txanda izan da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako epaiketan, eta honek egindako lana nabarmendu dute, "presoek-eta pairatzen dituzten eskubideen urraketei ahotsa jartzen dielako".
Haien artean izan da Jose Mari Sagardui Gatza presoaren neska-lagun Kontxi Luna -25 urtetik gora daramatza kartzelan Gatzak-. "Amnistiaren Aldeko Mugimendua desagertzen bada, zeinek lagunduko die presoei eta horien senideei?", galdetu du Lunak.
Txomin Troitiño presoaren seme Mattin Troitiñok Juan Mari Olano AAMko bozeramailearen lana azpimarratu du, "beti egon delako babesa ematen".
Angel Berrueta alargun Mari Carmen Mañasek ere deklaratu du. 2004an hil zuen Espainiako polizia batek Berrueta, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ondoren, eta AAMrekin harremanetan jarri zela adierazi du. Bere garaian Gurasoak elkartea sortu zutenean ere izan zuen AAMrekin harremanik, "honekin lan hobea egin daitekeelako".
Andoni Txasko 1976ko martxoaren 3ko biktimen elkarteko bozeramaileak adierazi du Francisco Franco espainiar diktaduraren heriotzaren ostean ez zela askatasuna lortu, "eta errepresioa sufritzen ari zen jendearentzat lan egiteko elkarteak sortu behar izan ziren".
Belen Aguilar ere izan da Auzitegi Nazionalean -Justo Elizaranen alarguna da; 1979an hil zuen Elizaran Accion Nacional Española taldeak-, eta, AABekin harremana izan zuela aitortu duen arren, inork agindurik ez ziola ematen esan du.
Miren Itxaso mediku eta Torturaren Aurkako Taldeko kideak, berriz, AAMk presoen senideen helbideak-eta eman zizkiola adierazi du. "Osasun arloan lana nola egin behar den, ordea, ez du berak esaten".
AAMren kontrako epaiketa
AAMk "presoek-eta pairatzen dituzten eskubideen urraketei ahotsa" jartzen diela nabarmendu dute senideek
Presoen familiako kideez gain, errepresioak eragindako biktimen senideak ere izan dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklaratzen. Haiek izan dira defentsak aurkeztutako azkeneko lekukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu