Añarbeko (Gipuzkoa) eta Zadorra ibaiaren arroako (Araba) urtegiak husten ari dira, badaezpada, azken egunetako euri jasen eta elur urtzeen ondorioz betetze maila handietara iritsi baitira.
Añarbeko kudeatzaileek agertu dutenez, bart goizaldeko ordubata aldera urtegia guztiz bete da, eta horrekin batera hasi da husten, erabat betetzen denerako prestatutako bideari esker. Hala ere, goizeko bederatzietan ura askatzen hastea erabaki dute, euri gehiago egin dezakeela eta lekua egiteko.
Halaber, Zadorraren arroako Ulibarri eta Urrunaga urtegietatik ere ura askatzen ari dira; uhateak ireki, eta segundoko 20 metro kubiko ateratzen ari dira batean zein bestean. Ulibarrikoa edukieraren %83,93an zegoen beteta atzo arratsaldean, eta Urrunagakoa %90ean. Zadorrako urtegien jarraipen batzordeak agertu du 25 urtean lehen aldiz ari direla Urrunagatik ura askatzen.
Nafarroan arazoak izan zituzten atzo, Arakil eta Arga ibaiek gainez egin baitzuten zenbait paretan. Bart goizaldean egoerak hobera egin duela jakinarazi dute Nafarroako larrialdietako zerbitzuek, eta atzo gainez egiteko zorian ziren ibaietan, Ebron izan ezik, murriztu egin dela emaria. Hala ere, datozen orduetan berriro euria eta elurra egin dezakeela eta, ostirala arte alerta aurreko egoerari eustea erabaki dute.
Arestian aipatu bezala, Ebro da orain kezka handiena sortzen duen ibaia, batik bat, Castejon inguruan. Dena den, atzo Iruñerria zeharkatu zuen olatua dagoeneko Castejonera iritsi dela agertu dute Nafarroako Gobernuko iturriek, eta une horretan Ebroren emaria segundoko 1.500 metro kubikokoa izan dela; hau da, iazko uholdeetan iritsi zen segundoko 2.800 metroko kubikokoa baino dezente txikiagoa.
Errepideei dagokienez, goizeko hamaiketan ireki dute ibaiak gainez egin zezakeela eta Tafalla eta Miranda Arga artean itxi zuten errepide zatia. NA-2410 errepidea ere itxi egin zuten Sakanan, Arakil ibaiak gainez egin zuelako. Gaur goizean ireki dute hura ere.
Eguraldi iragarpenen arabera, euri zaparrada handiak eta elurra egingo ditu berriro datozen orduetan.
Añarbeko urtegitik eta Zadorrakoetatik ura askatzen ari dira
Nafarroan, berriz, ibaiek gainez egiteko arriskua dagoela-eta ostirala arte alerta aurreko egoerari eustea erabaki dute. Ebrok sortu du gaur kezka gehien, oso hazita baitoa Castejon inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu