AB eta EA Europe Ecologierekin doaz Senaturako bozketara

Europe Ecologie Berdeak taldeko Leizagezahar eta Iriart eta Bacho abertzalea izanen dira hautagaiak

Jenofa Berhokoirigoin.
Basusarri
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
AB eta EA alderdiek osatzen duten Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna (RPS) federazioa eta Europe Ecologie-Berdeak (EEB)taldea elkarrekin aurkeztuko dira datorren irailean iraganen diren Frantziako Senaturako hauteskundeetara. Sauveur Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapez abertzalea, Alice Leizagezahar eta Daniele Iriart hautetsi ekologistak izanen dira hautagaiak, Marie-Jeanne Berterretxe (AB), Mixel Poueitz (AB) eta David Grosclaude (EEB) dituztela ordezko.

Aliantza hori «abertzalea, ekologista eta ezkerrekoa» dela azaldu zuten atzo Basusarrin egin prentsaurrekoan. Jean Lissart EEBko bozeramaileak zehaztu zuenez, Senatuan talde propioa osatzea dute xede, eta, horretarako, Senatuan hamabost hautetsi lortu beharko dituzte guztira; gaur egun bost dituzte. Horrez gain, gehiengoa ezkerrak lortzea nahi dute, eta jada Alderdi Sozialistarekin solasean ari dira, bigarren itzulirako adostasuna lortzeko asmoz. Nahiz «desadostasun izugarri handiak» egon, adostasun hori lortzea posible dela «pentsatzen» dutela zehaztu zuen Bachok.

Abertzaleen aldarrikapenak aitzina eramateko alderdi abertzaleetarik haratagokoekin aliantzak egin behar direla adierazi zuen Bachok. Justuki, adosturiko programan, Euskal Lurralde Elkargoaren aldeko mezua eta euskararen eta okzitanieraren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena agertzen dira. Horrez gain, AHTko bide berriaren eta Paue eta Oloroe (Biarno)arteko autobidearen aurka direla diote, emeki-emeki programa nuklearretik ateratzeko energia politika bat bultzatu nahi dute, eta zerbitzu publikoak atxikitzearen aldeagertzen dira.

Programaren adostea «erraza» izan dela zehaztu zuen Leizagezaharrek, eta gehitu «puntu guztietan denak ados» zirela. Izan ekologiari, izan herritarrekiko hurbiltasunari edota talde lanari dagokionez, antzeko hainbat puntu dituztela azaldu zuen Bachok.

'Bil gaiten'-en «osagarri»

«Bai helburua bai filosofia ikusiz, zerrenda horrek osoki bat egiten du Bil gaiten desmartxarekin», Andde Saint-Marie ABko bozeramailearen ustez. «Iraganeko desadostasunak hazi fidagaiztasuna eta politikari kalkuluak elikatu zuhurtasuna bazterrera utziz», proiektu ezkertiar eta abertzalea aitzinera eramateko xedez, indarren batzearen aldeko mezua plazaratu zuten Ipar Euskal Herriko berrogei bat hautetsi abertzalek uztail hastapenean.

Ezkerreko abertzaleen arteko batasuna beharrezkoa dela, eta hauteskundeei begira «ezkerreko indar aurrerakoietara ireki beharra» dagoela uste du. Bachok ere irekitze hori «garrantzitsua» delauste du, eta argi utzi zuen Senaturako egin hautu hori ez zuela eginen Bil gaiten-en mezua oztopatu balu. Dena dela, Batasunakaliantza horren hautua errefusatu zuela zehaztu zuen Saint-Mariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.