Abagune berrian «malguak» izateko eskatu die EAJk gobernuari eta PPri

Ezker abertzalearen marka berria legez kanpo uzteko «zirrikiturik» ez dela egongo ziur da Erkizia

Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakaria, joan den asteko agerraldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
ETAren su-etenak «aukera berriak» sortu ditu Euskal Herriko egoera politikoan, baina horretarako ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak gauzei «beste modu batez» begiratzea, Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen esanetan. Sortutako abagune politiko berrian,bai Espainiako Gobernuak, bai PPk, egoerari buruz gogoeta «malgua» egin beharko luketela iritzi dio Urkulluk, eta ezker abertzalea legeztatzea eta espetxe politika malgutzea izan beharko lukete horren ondorio.

Euskadi Irratian elkarrizketatu dute EAJko presidentea. Haren irudiko, ETAren meniaren osteko aukera politikoa baliatu beharko luke ezker abertzaleak ere. Bide politiko hutsen alde egin nahi duten ezker abertzaleko kideen apustua «sinetsi» egiten duela azaldu du Urkulluk, baina ohartarazi du ezker abertzaleari dagokiola pausoa ematea. «Euren bidea egin behar dute, eta politikarako bidea baino ez lukete hartu behar. Denok egin beharko genuke politika maiuskulaz». Legedia betez gero ezker abertzaleak hauteskundeetan egon beharko lukeela zalantzarik ez du EAJko buruak. «Ez dakit zer formula erabiliko duen, baina hauteskundeetan egongo da», esan du.

Edozein moduz, ETAren azken agiriak ezker abertzaleari buruzko aipamenik ez egitea «kezkagarria» dela uste du Urkulluk: batetik, ETAk ez diolako ezker abertzaleari «eskumenik aitortzen» politikaren gidaritza hartzeko, eta, bestetik, erakunde armatuak prozesuaren «zaintza» bere gain hartzen duelako.

ETAren apustua

Bestalde, ETAren su-etenak «prozesu politiko eta aro berri» baten atarian jarri du euskal gatazka,Tasio Erkizia ezker abertzaleko ordezkariak azpimarratu duenez. Haren hitzetan, «sakona eta serioa» da ETAk egindako apustua, eta ezker abertzaleak egindako eskariari «bete-betean» erantzun dio, gainera. «Ezinbestekoa zen ETAk aro politiko berri bat sortzen lagundu zezakeen erantzun irmoa eta argia ematea, eta hala egin du».

Areago, abian den prozesuak bueltarik ez duela ziurtatu duErkiziak. Ezker abertzalearen apustua «irmoa» dela, eta estatuaren «boikotak» eta PSOE eta hainbat euskal alderdik jarritako «oztopoek» ez dutela prozesua zapuztuko nabarmendu du. Dena dela, ohartarazi duenez, prozesua «gogorra» eta «zaila» izango da, Espainiako eta Frantziako estatuak gatazkaren «izaera politikoa» agerian gera ez dadin saiatuko direlako. Hala, Erkiziak salatu du azken atxiloketekin ETAk emandako pausoari estatuak «GAL judizial» batekin erantzun nahi izan diola.

Prozesu demokratikoak aurrera egin dezan, baina, eragile guztiek «erantzukizunez» jokatu behar dutela uste du Erkiziak. Hala, prozesuarekin engaiatzea galdegin die alde guztiei. Nolanahi ere, ezker abertzalea «lasai» dagoela esan du, ziur delako legeztatua izango dela, PSOEk eta PPk ez dutelako «zirrikiturik» lortuko marka berria legez kanpo uzteko. Haren irudiko, euskal gizartearen «mobilizazioak eta indarrak» behartuko du estatua bide horretan pausoak ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.