EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak Araba Buru Batzarreko (ABB) kideen hautaketa berriro egiteko agindu du, joan den larunbatean izandako bozketan "irregulartasunak" egon zirela argudiatuta. Aste bukaera honetan egingo dute bozketa berria.
Aldiz, baleko jo du Xabier Agirreren izendapena ABBko presidente berri bezala. Iñaki Gerenabarrenari hartu zion lekukoa, 33 boto jasota. Gerenabarrenak 26 boto bildu zituen.
Baina Agirreren ildokoak gutxiengoan geratu ziren zuzendaritzan: hamalautik bost kide. Beste bederatziak Gerenabarrenaren aldekoak ziren.
EAJko kide batzuek alderdiko Bermeen eta Kontrolerako Batzordean parte sartu zuten, eta EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak bozketa berriro egiteko agindu du. Ostiraletik igandera artean egingo dute.
Agirrek berak astelehenean aitortu zuen ez zeukala nahiko lukeen taldea ABBn. "Ez dakit bozketan esku beltz bat izan zen edo akats arrunt bat. Bozketa ez zen izan esperotakoa", esan zuen ETB2n. Ondorioz, onartu zuen "tentsioa" egon zela batzarrean. Dena dela, zioen espero zuen Arabako EAJko bi ildoen arteko lehia bukatu egingo dela, "EAJk lidergoa berreskuratu eta Araba abertzalea eta demokratikoa eraikitzeko".
Joan den larunbatean, Agirre presidente hautatzeaz gainera, Monika Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Izaskun Moyua, Miren Nanclares, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia aukeratu zituzten ABBko kide gisa.