Euskal presoen sakabanaketa salatzeko, zapi kateak antolatu ditu Etxerat elkarteak abenduaren 10erako Baionan, Iruñean eta Gasteizen, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak Baionan eginiko agerraldi batean. Zapi "bereziak" erabiliko dituzte kate horietan. Senideen zapi bereizgarrien antzekoak izango dira: "Berri hauek euskal gizartearentzako dira; giza eskubideak defenditzen dituzten guztientzako elkartasun ikur bilakatuko diren zapiak".
Gogorarazi dute abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela; egun "berezia", Etxerat-en esanetan: "Astebururo, uneoro, gure eskubideak eta hainbeste maite ditugun senide eta lagunenak urratuak direlako, sistematikoki".
Baionan egin dute agerraldia, Frantziako Estatuari mintzatu nahi baitzaizkio "bereziki": "Salatzen ditugun eskubideen urraketa larriak, sakabanaketa, urruntzeak, kondizionalen ukapenak eta beste Frantziako Estatuak ere aplikatzen dizkigulako".