Ipar Euskal Herriko 60 bat lagunek abenduaren 10ean BaionanEuskal Herrian: aterabide demokratikoa orain! lelopean eginen den manifestaziora deitu dute gaur. Etxerateko kideak, Askatasunako militanteak, hildako militanteen senideak, iheslariak, preso ohiak eta deportatuen senideak izan dira, besteak beste, manifestaziorako deia egiten. "Gatazkaren jatorria ez gara, ondorioa baizik", erran dute, eta gatazkaren konponketa aldarrikatu dute.
Frantzia gatazkaren barne dela argi utziz, bake prozesuaren alde engaiatzeko eskatu diete Parisi bide batez. Aurreko astean Abertzaleen Batasunak, Eusko Alkartasunak, Batasunak eta Autonomia Eraikik galdegin zioten gauza bera Frantziako Gobernuari.
Gaurko agerraldian gatazkaren konponketaren alde dabilen eragile sozial eta politikoen kolektiboaren lana txalotu dute eta euskal herritar guztiei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu. Hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioetara hurbiltzeko deia ere luzatu dute.
Hainbat eragilek deitu zuten manifestaziora
Manifestazioa orain dela bi aste deitu zuten. 30 bat eragile sozio politiko eta sindikalek deitu zuten manifestaziora. "Bake iraunkor eta justu bat nahi dugu Euskal Herriarentzat. Hain da garrantzitsua bake hori, ezin dugu besteen esku utzi horren martxan ezartzea; guk, Euskal Herriko herritarrok bultzatu behar dugu prozesu hori", erran zuten.
Baionako Giza Eskubideen Liga, Cimade, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Komitea, Etxerat, Anai Artea, Askatasuna, Segi, Herriarekin, osasun arloko Euskal Herriko CFDT, LAB, Solidaires, NPA, AB eta Batasuna, guztiak ziren elkarturik mezu bera entzunarazteko: «Gatazkaren konponbide politiko, demokratiko eta baketsua nahi dugu».