Abenduaren 1ean euskararen alde egitera deitu dute

Kontseiluak euskararen normalizazioa aldarrikatuko du Donostian antolatuko duen manifestazioan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskaraz bizitzeko aldarria kalera ateratzera dei egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Heldu den abenduaren 1ean antolatu du manifestazioa Donostian. Hilaren 30ean, Kontseiluko ordezkariek manifestazioa iragartzeko agerraldia egingo dute, Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean. Orain dela urte bi abiatutako Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren barruan kokatu du Kontseiluak martxa. Ordutik, herritarren aldetik harrera ona izan duten hainbat ekimen egin ditu.

Euskaraz bizitzeko herritarrek duten eskubidea aldarrikatzea izango da manifestazioaren helburua; bereziki ,«arduradun politikoei» eskubide horri jaramon egiteko eskatuko diete. Ohar bidez, aldarria ozen egitea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela nabarmendu du taldeak.

Izan ere, Kontseiluak salatu du administrazioek ez dituztela jarri nahikoa bitarteko, euskaraz bizitzea posible egin ahal izateko, eta ez dutela neurririk hartu. Azken 30-40 urteetan aurrerapausoak egin diren arren, Kontseiluaren arabera «ez dira nahikoak izan euskara normalizatzeko, eta ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzia ematea».

Instituzioei proposamenak

Hilaren hasieran, datozen hamar urteotarako hizkuntza politikak izan beharko lituzkeen oinarriak proposatu zizkien Kontseiluak alderdi politikoei. Oraindik ere zenbait eremutan hizkuntza eskubideak urratzen direla eta, politika «berriak eta eraginkorrak» martxan jartzeko garaia dela adierazi zuten taldea osatzen duten erakundeek.

Euskararen normalizazioa sendotzeko esparru sozialak euskalduntzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta, ildo horretan, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa aipatu zituen. Hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak direla gogorarazi zuen, eta horiek bermatzea instituzioen zeregina dela ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.