Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak data jarri dio Zarauzko (Gipuzkoa) Urtetako zabortegiaren itxierari: abenduaren 23a. Urtea amaitu aurretik hura ixteko asmoa iragarria zuen dagoeneko diputazioak.
Garitanok ziurtatu du Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko estrategia "integral, iraunkor eta garbia" duela, eta gaur egun dauden "zabortegi toxikoak" itxiko dituztela: Lapatxekoa (Azpeitia) eta Sasietakoa (Beasain) hurrengo urterako itxiko ditu aldundiak. "Hori da gure eredua eta munduko teknologia aurrerakoienekin egiten ari gara". Egun osoko bisita egiten ari da Garitano Zarautzen, Herritarrekin Herrira egitasmoaren baitan.
Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak zabortegiaren itxiera "pauso garrantzitsua" dela iritzi dio. "Zarauztarrentzat albiste oso pozgarria da".
Bideoa: Martin Garitanoren eta Juan Luis Illarramendiren adierazpenak (Urola Kostako Hitza):
[youtube]http://youtu.be/K_DPiT8Y1do[/youtube]
EH Bildurentzat, "aurrerapausoa"
Gipuzkoako EH Bildurentzat ere "aurrerapausoa" da zabortegiaren itxiera. Nabarmendu du Gipuzkoa dela "zabortegi kutsakorrak ixten ari den herrialde bakarra". Koalizioak ohar bidez gogorarazi du Bizkaian Artigaseko zabortegia 2019an "itxiko omen dutela", eta Jatakoak oraindik ez duela itxiera datarik. Bizkaian beste bi "zabortegi oso toxiko" daudela gaineratu du, Larrabetzun eta Lemoan. Arabari dagokionez, EH Bilduk dio Gordelegik ere ez duela ixteko datarik. "Nafarroan beste zabortegi asko daude ixteko planik gabe".