Bagoaz. Euskal Herriak independentzia lelopean "martxa berdea" egitera deitu du Independentistak Sareak, abenduaren 6an, Durangon. Egun osoko egitaraua antolatuko du sareak, eta horietako bat izango da arratsean egingo duten manifestaldia.
Kultur eta euskaren alorreko hainbat pertsona izan dira gaur eguerdian Independentistak Sareak eginiko agerraldian. Hala ere, azaldu dute beste hainbat alorretako pertsonen atxikimendua bilatuko dutela manifestaziorako, "euskal jendartearen oinarri zabala bilaka dadin ekimenaren deitzaile eta protagonista". Agerraldian, Alex Tello eta Gotzon Sanchez aktoreek antzeztu dute.
2012. urteak izaera berezia duela adierazi du sareak, Nafarroako konkistaren 500. eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenak izan direlako. Nazioartean "independentziaren aldeko haizeak" Euskal Herrira iritsi direla uste du Independentistak Sareak: "Eskoziako prozesuak hankaz gora jarri ditu independentziaren aurka entzun izan ditugun argudio asko". Eskoziaren adibideak erakusten du, sarearen ustez, independentzia "bideragarria" dela, eta "erreferentzia berriak" ezartzen ditu estaturik gabeko nazioentzat.
Ondokoak dira atxikimendua adierazi dutenetako batzuk:
- Joxe Mari Agirretxe (Porrotx)
- Uxue Alberdi (bertsolaria)
- Xabier Amuriza (bertsolaria)
- Ander Iturriotz (EHUko irakaslea)
- Itziar Ituño (aktorea)
- Andoni Olariaga (filosofoa)
- Amaia Zubiria (kantaria)