euskal herria

Aberri Egun bateratua egitea proposatu du Independentistak sareak

Erabakitzeko eskubidean eta demokraziaren alde dauden eragile politiko eta sozial denei egin die datorren urtera begirako planteamendua.

Independentistak sarekoak, gaur, Euskal Herriko erdigune geografikoan.
2018ko urriaren 14a
12:30
Entzun

Proposamen bat egin du gaur Independentistak sareak, euskal erdigune geografikora egindako ibilaldiaren bukaeran: 2019an Aberri Egun "bateratua" egitea. "Gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea proposatzen dugu", esan du. "Ziur gaude Euskal Herriaren gehiengoak eta diasporak ilusio handiz hartuko duela berria". Irañetako (Nafarroa) bordan egin dute ekitaldia.

Independentistak Sareak Aberri Eguna antolatu du azkeneko bederatzi urteetan, 2010etik aurten arte. "Alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrak elkarrekin eroso parte hartzeko Aberri Eguna antolatzen saiatu gara. Orain, jauzi berri bat egiteko unea iritsi dela uste dugu".

Balizko burujabetza prozesu bati begira Aberri Egunak bere tokia eta bere papera izan beharko lukeela iritzi dio. "Diadak Kataluniako prozesuan duen garrantzia har dezakegu erreferentzia moduan. Ildo horretan datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen dugu". Proposamena "politikaren plazan" utzi du. "Gaia hausnartzeko eskatzen diegu eragile desberdinei eta, datozen asteotan, guztiekin harremanetan jartzeko prest gaude".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.