Alderdi politiko bakoitzak 'bere' Aberri Eguna antolatu ohi du Euskal Herrian, "baina guk joera iraultzea dugu helburu", esan du gaur Andoni Egaña bertsolariak Zazpiak Bat herri ekimenaren izenean, eta proposamen bat luzatu du: Aberri Egun bateratua egitea. Hori gaurko egoera politikoak ezin duela eragotzi uste dute. "Uste dugu badela garaia Aberri honen funtsa litzatekeen herri hau hezur-mamitzen hastekoa".
Apirilaren 8an izango da Aberri Eguna eta hauxe Zazpiak Baten hitzordua: Irunen (Gipuzkoa), Ficoban, 11:30ean, eta Hendaiara (Lapurdi) abiatuko dira handik. Leloa: Zazpiak Bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku.
Hauek dira ekimena deitu duten herritarrak: Koldo Amezketa, Amaia Andreu, Martin Aranburu, Maite Aristegi, Jose Mari Arrate, Garbiñe Bueno, Amaia Colina, Andoni Egaña, Eñaut Elorrieta, Tasio Erkizia, Ixabel Etxeberria, Maite Goienetxe, Izaskun Guarrotxena, Juan Mari Irigoien, Antton Izagirre, Paula Kasares, Edurne Larrañaga, Esti Martinez de Iturrate, Aintzina Mazusta, Laura Mintegi, Paul Nicholson, Iñaki Perurena, Maribi Ugarteburu eta Kirmen Uribe. Haietako batzuk gaurko agerraldian izan dira, Donostian, Miramor Jauregian.
"Urte asko daramatzagu Aberri Eguna nork bere aldetik ospatuz. Taldeka ospatzeak berezko zentzua murriztu dio egunari eta herritar askok, abertzale izanik ere, eguna murritz ospatzen duenaren ustea du edo ospatzen hastea merezi ez duenarena. Eta Aberri Egunak, zerbait izan behar badu, herriaren harrotasun eguna behar du izan", dio Zazpiak Baten idatziak.
Deitzaileek "herri bat lurraldeari eta lurrari atxikia" nahi dute, "euskaraz ehundutako gizarte bat osatuko duena eta euskararen talaiatik munduari begiratuko diona, bere kultura propioa izango duena, gainerako herriekin adiskidetasun eta elkartasun harremanak lantzeko prest dagoena. Unean uneko egitura politikoak direnak direla, zazpi herrialdez osaturiko komunitate baten izaera eta nahia funtsezko sentituko dituena...Oraina eta etorkizuna herritarren esku eta herritarren erabakien baitan izango dituen herria, azken batean".
Euskal Herriko alderdi guztiei ekimena "babestu, bultzatu edota indartu" dezaten eskatu diete, eta
Euskal herritar orori, berriz, "ekimen xume zein garrantzitsu honetan" parte hartzeko.
Politika
Aberri Egun bateratuaren alde dei egin dute
Apirilaren 8an Irundik Hendaiara martxa antolatu du Zazpiak Batek. Euskal gizarteko hainbat lagunek aurkeztu dute gaur ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu