ABERRI EGUNA. Elkarlanerako jarrera irekia azaldu dute Aralarrek eta ABk

Etorkizuneko ezker abertzalearen oinarriak aldarrikatu dituzte Urruñan, Aberri Egun bezperako ekitaldian

Erredakzioa
2010eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Gaur eta biharko ezker abertzale politikoaren zutabeak jarri nahi ditugu, inor baztertu gabe, baina printzipioak argi utziz». Mezu hori plazaratu zuten atzo Aberri Egun bezperako ekitaldian Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak, Urruñan. Elkarrizketarako eta elkarlanerako jarrera irekia dutela nabarmendu dute bi alderdiek. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak bere hitzaldian indarkeria alde batera utzita bide zibil eta politikoetatik jardungo duen indar abertzale eraginkorraren alde egin du. ABko Andde Sainte Mariek, berriz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu eta Batera Plataformaren lana goraipatu du.

Ospakizuna eta ekitaldi politikoa nahastu ziren atzo. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ehunka lagun bildu zen eta jendez gainezka zegoen Urruña. Hitzaldiez gain, txalapartarien, Aitor Mendiluze bertsolariareneta musikarien saioaz gozatu zuten bertara joandakoek. Horien artean, EAko, Alternatibako eta ERCko ordezkariak ere egon ziren.

Zabaletak bere hitzaldian azpimarratu zuen Euskal Herriak akordio politikoa behar duela, «lehenik eta behin euskal herritarren artean eraiki beharrekoa», bestea beste «erabaki ahalmena irabazteko». Ongietorria egin zion aste hasieran Brian Currinek Europako Parlamentuan aurkeztu eta sona handiko nazioarteko begiraleek babestutako agiriari. «Errespetuz baina tinkotasunez mintzatu dira. Ekarpen hori goraipatzeaz eta eskertzeaz gainera, bete eta betearazi egin behar dugu». Hala, ETAri eta Espainiako Gobernuei adierazpenean jasotakoa betetzeko exijitu die. «Beste eragileok elkarlanerako prest jarri behar gara».

Sainte Mariek, berriz, Baterak egindako bidean gehiago sakontzeko beharra aldarrikatu du: «Indar metaketa hortik eraman behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.