Aurten apirilaren 5ean izango da Aberri Eguna, eta hura Iruñean ospatzera dei egin die Independentistak sareak euskal herritarrei. Euskal Estatuaren bila joateak batasuna eskatzen duela iritzi dio sareak. "Honek guztiak bere indarra galtzen du zatikatuta adierazten badugu, bakoitzak bere aldetik. Eragile politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko. Baina Aberri Egunak munduaren aurrean herri gisa agertzea eskatzen du, eta, sigla eta familia politikoetatik harago, euskal herritarrok elkarturik ospatzeko eguna da".
Hori dela eta, ospakizun "zabala eta parte hartzailea" osatzen ari dela adierazi du. Eguerdian manifestazio bat izango da, eta egun osoko egitaraua prestatuko dute.
"Inolako kanpo inposaketa eta esku hartzerik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituz eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adierazi behar diogu mundu osoari Aberri Egunean", esan du Independentistak sareak, prentsa ohar baten bidez. Euskal Errepublika independentea aldarrikatzea du xede.