Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Bizkargi mendira igo da gaur goizean, euskal herritarrak Aberri Egunarekin bat egitera deitzeko. 300 bat alderdikiderekin batera, Ortuzarrek parte hartu du 1936ko gerran hildako gudariak gogoratzeko elizkizunean.
Ortuzarren hitzetan, "nazioarte mailan eta [Espainiako] Estatuan arlo politiko, ekonomiko eta sozialean ematen ari den egoera konplikatu batean" ospatuko dute aurten Aberri Eguna: "Horregatik egin nahi dugu dei berezia Aberri Eguna ospatzera eta euskal nazio nortasuna eta aberrigintza aldarrikatzera, euskal gizartearen etorkizuna Euskadiren nazio eraikuntzara estuki lotuta egongo dela uste dugulako. Zailtasunen gainetik, nahiko ondo ari gara".
EAJk bere adierazpenean "eusteko beharrarekin" zer esan nahi duen galdetuta, Ortuzarrek azaldu du “une konplexu eta konplikatuak" direla esparru politikoan eta ekonomikoan: "Horregatik pentsatzen dugu gurea defendatuz, gureari eutsiz, orain daukaguna defendatuz, etorkizunean aurrera egiteko oinarririk onenak jartzen ari garela. Guk bide hori azken 40 urteotan egin dugu eta Euskadi une honetan dagoen leku eta egoerara ekarri dugu, eta benetan uste dut leku eta egoera ona dela. Guk hori esan dezakegu, eta uste dut beste batzuek ezin dutela berdin esan".
EAJk Bilboko Plaza Berrian ospatuko du bihar Aberri Eguna, 11:30etik aurrera.