Erabakiaren aroan sartzeko inflexio puntua izango da Aberri Eguna, Independentistak sarearen arabera. "Aro berrian sartu gara jadanik". Erabakiak "baietz" esanez hartuko dituztela iragarri dute: "Bai esanez hartuko ditugu erabakiak: demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, euskal errepublikari... independentziari bai".
Bide horretan egingo duten Aberri Eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur, independentistak sarekoek, Iruñean. Eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa egin ostean, festa egingo dute arratsaldean. El Redin pasealekuan jarriko duten Gazte Karpan hainbat kontzertu izango dira; 17:00etan Irrien Lagunak ikuskizuna izango da Burgoen plazan, eta 18:30etik aurrera, kantuz arituko dira Santiago Plazatik abiatuta.