Aberri eguna

Aberri Egunerako manifestazioa deitu du Batasunak Iruñean, 'Orain herria, orain bakea' lelopean

Aberri Egunean —hilak 27— manifestazioa egingo du Batasunak Iruñean, 'Orain herria, Orain bakea' goiburupean, "ikuspegi propioarekin azaltzea" beharrezkoa dela iritzita. Pernando Barrenak prentsaurrekoan esan duenez, "askatasun demokratikoen aurkako eraso larriei ezezkoa esatea eta gure herriak behar duen bakea eta elkarrizketari baiezkoa esatea beharrezkoa da".

2005eko martxoaren 18a
19:46
Entzun
Batasunaren iritzian, "aldaketa politikoaren premia gizartean nahiko ezarrita dagoenean" dator Aberri Eguna. "Egungo marko politikoak ez du balio, ez du lortu gatazka gainditzea eta aldaketaren aldeko borondateak ireki egin du bakearen aldeko aukera eta soluzioetarako garaia".

Batasunak Orain herria, Orain bakea proposamena kaleratu zuenetik beraien lehentasuna "bakearen aldeko aukera alperrik ez galtzea" izan dela azaldu dute, eta Aberri Egunean norabide horretan "beste pauso bat" eman nahi dutela. "Euskal herritarren beharrik inportateena irtebideak dira. Herri honek irtenbideak behar ditu. Ezin da jarraitu azkeneko 25 urteetan eman den sufrimenduaren gurpil zoroan eta formula berriak bideratu behar dira inongo bazterketarik gabeko elkarrizketak bideratzera".

"Espainiako Gobernua torlojuari buelta ematen ari da une honetan, askatasunak murrizten eta hori nabarmen ikusten ari da EAEko apirileko hauteskundeei begira zabaldu diren aukeretan". Batasuna hauteskunde horietatik kanpo utzi izana salatu dute, eta baita Aukera Guztiak hautesle elkartea ikertzen aritzea ere. "Astakeria handiagorik ezin da demokrazia batean egin". PSOEk "PPk utzi zion bideari" jarraitu diola diote, eta "PPk bere garaian askatasun demokratikoen aurka utzitako arrastoa hobetuz" ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.