Alderdi abertzaleek begi onez hartu zuten Aralarrek Europako Legebiltzarreko zerrenda bateratua osatzeko egindako eskaintza, baina gauzatzeko zailtasunak ikusten dizkiote, Euskadi Irratiko solasaldian atzo goizean adierazi zutenez. Eusko Alkartasuneko Sabin Intxaurragak, Batasuneko Pernando Barrenak eta EAJko Markel Olanok nabarmendu zutenez, Aralarren proposamena berri pozgarria da, baina ez da erraza izango hura gauzatzea. Azken irakurketa horren inguruan izan ziren desadostasunak.
Sabin Intxaurraga Eusko Alkartasuneko kide eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak «zailtzat» jo zuen Aralarren proposamena aurrera ateratzea. «EA Europako azken hauteskundeetan ERCrekin joan da, eta oraingoan ere hori da gure asmoa. Nik ez nuke gaizki ikusiko Batzarre, Aralar, Zutik eta Batasunaren inguruko zenbait sentsibilitate gure zerrendetan sartzea», azpimarratu zuen. Duela bost urte EA EAJrekin batera aurkeztu bazen ere, Intxaurragak ez zuen sartu EAJ multzo horretan, «bere bidetik» doalako eta CiU eta BNGrekin joateko asmoa agertzen ari delako. «Nik ez diot aukera handirik ikusten eskaintza horri», zehaztu zuen.
EAJren kontaktuak
Markel Olanok erantzun zion EAJk hiru kontaktu izan dituela;lehenengoa EArekin, bigarrena Nafarroa Bairekin eta hirugarrena CiU eta BNGrekin. «Horiek dira EAJk egin dituen urratsak. Gure lehen urratsa EArekin hitz egitea izan da, eta elkarrekin joateko aukera badago, baina EAk ERCrekin joateko asmoa du», azpimarratu zuen. Aralarrek egindako eskaintza berez ona dela nabarmendu zuen, «baina une honetan dauden baldintzak ez dira hoberenak horrelako koalizio bat egiteko». Izan ere, Olanok adierazitakoaren arabera, ezker abertzaleak ez du oraindik erabaki politikoki zein den bere tresna, eta «hori gabe, akordioetara iristea ez da bideragarria».
Pernando Barrena, bere aldetik, Aralarren eskaintzaren helburua «ezkerreko abertzaleon polo bat sortzea» baldin bada, eskaintza horren inguruan hitz egiteko prest daudela. Hala ere, harriduraz hartu zuen proposamena. «Espainiako hauteskundeetarako balio ez zuenak, orain Europarako balio al du?», galdetu zuen. Barrenaren ustez, Aralarren jarrera hori martxoan lortutako emaitza txarren ondorio da. Halaber, EAJk eta EAk euskaldunak ez diren alderdiekiko akordioak lehenestea «kezkagarria» dela adierazi zuen. Barrenaren irudiko, «abertzaleen arteko elkarlana bultzatzeko unerik aproposena da». Indarrak biltzeko garaia dela azpimarratu zuen Arnaldo Otegik ere, «nahiz eta, agi danez, EAJk eta EAk beste bide bat hartuko dute. Gustatuko litzaiguke autodeterminazioaren alde indarrak batzea». ABri ere eskaintza egitea proposatu zuen Otegik, era horretan, «autodeterminazioaren aldeko zerrenda nazional bateratua» osatu ahal izateko.
EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Abertzaleek zail ikusten dute Europan batera aurkeztea
EAJk eta EAk bakoitza bere aldetik joatea leporatu diote elkarri; Batasunak, berriz, «indarrak batzeko» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu