Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak beharrezko jo du abertzaleen arteko "dialektikari" ekitea, "Euskal Herriak herri gisa aurrera egin dezan". Haren arabera, eskuineko eta ezkerreko abertzaleak banatuta daude gaur egun: "Bien artean badaude antzekotasunak, baina baita konponezinak ere". Hartara, batzeko deia egin du: "Ezkerraren eta eskuinaren arteko dialektika inoiz baino beharrezkoa da jasaten ari garen krisiaren aurrean".
Ezker abertzale politikoaren erronka izeneko hitzaldian egin ditu adierazpenok Zabaletak, gaur iluntzean. Hizketaldian oso gogoan izan du ezker abertzaleak kaleratutako Zutik Euskal Herria adierazpena. Berretsi du agirian nabari dela hurbilketa Aralarren postulatuetara, batez ere "etorkizuneko ezker abertzale politikoa sortzeko baldintzen eta eman beharreko pausoen inguruan".
Onartu du agirian aurrerapauso nabarmenak badirela, baina hutsuneak ere ikusi ditu. ETAri armak uzteko eskari zuzenik ez egitea, kasu. "Bakeaz hitz egiten dutenean prozesuaz ari dira, baina aukera hori zaharkituta geratu da, eta alde batera utzi behar da. ETAren su-eten bat ez litzateke eraginkorra bila ari diren helbururekin".
Hartara, eskari zuzena egin dio ETAri: behin betiko utz ditzala armak alde batera, "erabaki aldebakarrekoa eta ordainik gabea" hartuz. "Euskal gizarteari zor dio bakea, ez estatuei".
POLITIKA
Abertzaleen arteko "dialektikari" ekitea beharrezko jo du Zabaletak
Ezker abertzalearen agirian aurrerapauso nabarmenak ikusi ditu Aralarreko koordinatzaileak, baina baita hutsuneak ere. ETAri armak alde batera uzteko eskatu dio, "erabaki aldebakarrekoa eta ordainik gabekoa" hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu