abiadura bizia

AHTko lanei bultzada eman die Gasteizko gobernuak; Donostiako metroaren egitasmoa gelditu zaio herren

mikel p ansa
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenarekin «galdutako denbora» berreskuratu nahi zuela esan zuen Iñaki Arriola Herri Lan, Garraio eta Etxebizitza sailburuak kargua hartu orduko. Eusko Jaurlaritzaren esku daude AHTaren Gipuzkoako zatiak, eta Gipuzkoan 2,8 kilometrotan ari ziren lanean 2009ko maiatzean; agintaldia amaituta, Gipuzkoan zehaztuta dagoen ibilbideko zati guztietan ari dira lanean, 60 kilometrotan. Eraginkor aritu da Herri Lan eta Garraio Saila, eta, lanen finantzaketari buruzko zalantzak azken bi urteotan etengabeak izan diren arren, 2009ko ekainean Espainiako Sustapen Ministerioarekin adostutako egutegia bete du; mila milioi euro inguru jarri ditu lanetarako, eta abiada bizia hartu du AHTak. Murrizketen mamuak ekarri ditu zalantzak, eta Jaurlaritzak sarri eskatu dio Madrili AHTari buruzko akordioak errespetatu eta finantzaketa ez eteteko. PSOEk lehen, PPk orain, baietz erantzun dute aldiro.

Donostiako metroa izan da Jaurlaritzaren beste proiektu izarra. 2009ko irailean hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Diputazioak eta Jaurlaritzak, erdibana finantzatzeko. Geroztik diputazioko eta Donostiako agintariak aldatu dira, eta metroa ordaintzeko asmorik ez dutela esan dute. Jaurlaritzak iragarri zuen bakarrik bada ere aurrera egingo zuela eta lanak irail honetan hasiko zituela. Orain ikusteko dago lanak hasiko ote diren edo hauteskundeak pasatu arte geldituko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.